Emakumeei zuzendutako aholkularitza juridikoa eskainiko du Astigarragako Udalak, 29tik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 21a, 00:00

Atzo, Emakumeon Etxeko kideak eta Udaletik, Ainara Vazquez berdintasun, elkarbizitza, euskera eta hezkuntzako zinegotzia.

«Herriko emakumeek gai anitzekin lotutako gatazkei buruzko aholkularitza juridiko espezializatu bat izateko eskubidea bermatzea» du helburu zerbitzuak. Aurrez aurreko arreta zerbitzua asteazkenetan izango da arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara, Emakumeon Etxean, hamabostean behin. Aurreneko kontsulta 29an izango da.

Emakumeei zuzendutako aholkularitza juridiko zerbitzu berri bat jarriko du martxan Astigarragako Udalak, eta atzo nondik norakoak aurkeztu zituzten Astigarragako Udalak eta Emakumeon Etxeak. Ainara Vazquez zinegotziak hartu zuen hitza aurrena, eta ondorengoa azaldu zuen: «Sarritan etxean bikotearekin edo seme-alabekin, lanean lankideekin edo arduradunarekin edo beste edozein egoeratan gatazkak, diskriminazio-egoerak, zapalkuntzak edo eskubide-urraketak jasaten ditugu. Egoera horiei aurre egiteko ezinbestekoa da gure eskubideak edo legez dauzkagun aukerak ezagutzea. Halakoetan, abokatu baten aholkularitza lagungarria izaten da, informazioa jasotzeko eta dauzkagun aukerak argi izateko. Gatazka-egoera horietan, ordea, oreka emozionala mantentzea ez da erraza izaten, prozesu gogorrak, mingarriak eta batzuetan luzeak izaten baitira eta ahalegin izugarria da abokatu bat bilatzea eta haren kontsultara joateko indarra eta ausardia gureganatzea». 

Testuinguru zail horietan bidelagun funtzioa egiteko, Astigarragako Udalak zerbitzu berri bat abiatuko du «herriko emakumeek gai anitzekin lotutako gatazkei buruzko aholkularitza juridiko espezializatu bat izateko eskubidea bermatzeko helburuarekin». 

Herriko emakumeei zuzendutako zerbitzua dela aitortu zuten, eta edozein adinetako neska, nerabe edo emakumeek zerbitzu honen bidez gai konplexuei buruzko kontsultak egin ahalko dituzte, eta besteak beste ondorengoak aipatu zituen Vazquezek: «familia arlokoak (banaketak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, bisita erregimenen ez betetzeak...), indarkeria matxistari buruzkoak (indarkeria egoerak detektatzeko, eskubideak ezagutzeko, erasoei buruzko prozesu judizialak eta horiek izan ditzaketen ondorio eta eraginak,...), lan eremukoak (etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzeak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa...), atzerritartasunari buruzko kezkak eta gatazkak edo gai zibil eta penaletan bestelako kontsultak».

«Epairik gabeko espazio» seguru gisa definitu zuten aholkularitza zerbitzua, hala aitortu zuen Emakumeon Etxeko Inge Lekuona kideak, eta ondorengoa ere azpimarratu zuen: «entzunak izateko, dauzkaten eskubideak eta gatazkei aurre egiteko tresnen berri izateko, erabakiak hartzeko segurtasuna eta motibazioa haunditzeko eta baliabideak antzemateko, autoestimua haunditzeko, eraso matxisten kasuak detektatzeko edo/eta bestelako zerbitzu publikoetara bideratuak izateko».

Era berean, zerbitzua konfidentziala, doakoa eta pertsonalizatua dela ere adierazi zuten, eta bakoitzaren egoera zehatzak aztertuko dituzte. Emango den arreta aurrez aurrekoa da, eta aditu baten laguntza eta aholkularitza izango dute zerbitzuaren erabiltzaileek.

Azaroaren 29tik aurrera jarriko dute martxan, zerbitzu juridikoa; aurreneko kontsulta egun horretan izanik. Zerbitzua 2024ko ekainaren amaiera arte egongo da indarrean. Asteazkenetan izango dira aurrez aurreko arreta zerbitzuak, hamabostean behin, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara, Emakumeon Etxean. 

Urtarriletik aurrera, aldiz, zerbitzua astelehenetan eskainiko dela azaldu dute, hamabostero, toki eta ordu berean. Beharrezkoa da aldez aurretiko hitzordua eskatzea emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbidera idatzita edo 648 417 154 telefonora deituta. Hitzordu bakoitzak gehienez ere ordubeteko iraupena izango du. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!