«'ZiRRara'n sexu aholkularitza eskaintzen dugu, epairik gabeko espazio batean»

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 18a, 00:00

Ainhoa Aira Calero, ZiRRara sexu aholkularitzako bulegoan.

Aurrez aurreko kontsultak asteazken arratsaldeetan egingo ditu Ainhoa Aira 'ZiRRara' proiektuko arduradunak, eta hitzordua aldez aurretik eskatu behar da, 747 493 457 telefonora deituta, zirrara@astigarraga.com-era idatzita, edota astigarraga.eus/sexu-n sartuta.

Astigarragako Udalak, herritarren artean «harreman osasuntsuak eta parekideak» eraikitzeko helburuarekin, 16 urtetik gorako herritarrentzat 'ZiRRara' sexu aholkularitza zerbitzua jarri du abian. Xelebreak elkarteak eskainiko du zerbitzua eta bertako kide den Ainhoa Aira Calero da ekimenaren arduraduna. Azaroaren 8tik martxan dago zerbitzua, eta Kronika Ainhoa Airarekin elkartu da, sexu aholkularitzaren nondik norakoen berri jakiteko. 

Herritarrei sexu eta bikote aholkularitza doakoa eskaintzea da ekimenaren helburu nagusia, eta Airak dioenez, «16 urtetik gorako norbanako, bikote eta gurasoei zuzendutako zerbitzua da. Gorputza, desira, sexualitatea eta harreman afektibo-sexualei buruzko zalantza, zailtasun edota informazio beharrei erantzuteko. Izan daitezke duda txikiak lantzeko edota saio eta prozesu luzeagoak lantzeko, beti herritarren beharrei erreparatuz».

«Unean uneko erramintak» eskaintzen dituztela aitortu du Airak: «Norbanako bat etortzen bazaigu arazo batekin, edota zalantza batekin, gure lan metodologia da unean erramintak eskaintzea horri soluzio bat emateko. Saioan bertan lantzen dugu arazoa, galderen eta hausnarketen bitartez lortzen dugu konponbide bat. Eskaintzen duguna da sexu heziketa pertsonalizatu moduko bat, eta saioan bertan konponbidea ematen saiatzen bagara ere, ikusten badugu saio bakarrean ezin dela soluziorik jarri, jarraipena egingo dugu. Saio gehiago egingo ditugu, soluzio bat aurkitu arte. Beti norbanakoaren edo bikotearen beharretara egokituta».

'ZiRRara' sexu aholkularitza zerbitzuko arduradunak gaur egungo «sexu ikuspuntuaren» zertzeladak ere eman ditu: «egungo gizartean, sexu aholkularitza lotzen dugu genitalekin, koitoarekin, orgasmora ez iristearekin… Eta noski hori lantzeko espazio bat da, baina haratago goaz, gure asmoa da sexualitatea bere osotasunean ezagutzea eta ikertzea; ez geratzea azalean». Horregatik, Xelebreak elkarteak gai anitzak landuko ditu 'ZiRRara' proiektuarekin, ondorengoak besteak beste: Bikote eztabaidak gutxitzea; Sarketarekin izan ditzakegun zailtasunak konpontzea; Praktika erotiko desberdinak ezagutzea eta ohiko errutinatik irtetea; Seme-alabak edukitzeko prozesuan edo erditze ondorengoan erotismoa mantentzea; Sexu identitateari dagozkion zalantzak argitzea; Desiraren orientazioaren inguruko zalantzak argitzea; Jeloskortasunak eta ez-ulertzeak sortutako gatazka egoerei aurre egitea; Sexting, pornografia eta sare sozialen bitarteko gertakarien inguruko zalantzak edota kezkak argitzea; Zure gorputza ezagutzen ikastea; Bizitzako etapa desberdinetan ematen diren aldaketa eta gogo berriei erantzuna ematea (adibidez menopausian, gaixotasun aldi batean….); eta sentitutako sexua koherentziaz bizitzeko tresnak lortzea».

«Bidelagun» funtzioa egiten du Airak: «prozesuan lagundu nahi dugu, akonpainamendu bat eskainiz herritarrei.  Konfidentzialtasunez egiten dugu lan, anonimoak dira saioak. Era berean, lehenengo saioa izaten da kontaktua egiteko, eta gure lan metodologia azaltzeko. Herritarrarekin hasierako harreman egin, eta saiorako hitzordua jartzen dugu, beti aurrera egin nahi badu».

Norbanakoez eta bikoteez gain, Airak aitortu du zerbitzua erabiltzeko aukera ere badutela taldeek, eta bizitzako arlo pribatuak lantzeaz gain, arlo profesionalak ere lantzen direla; «eskaintzen dugun sexu aholkularitza ez da norbanakoen bizitzako arlo pribatuetarako bakarrik, izan daiteke arlo profesionalean lantzeko ere. Kolektibo bateko arduraduna den norbanako bat etorri daiteke zalantzak eta kezkak galdetzera, eta arduradun honek, bertan landu duguna kolektiboan plasmatu dezake. Landu ditzakegu praktikan jartzeko ariketak, eta hauek egin daitezke gero, beste eremu batean, arlo profesionalean eta ez pertsonalean bakarrik. Noski, norbanakoez gain, taldeak ere etorri daitezke, artatzen ditugu bikoteak, hirukoteak, laukoteko taldeak…». 

Zerbitzua dagoeneko astigartarren eskura dago. Asteazkenetan eskainiko du zerbitzua Ainhoa Airak, Kultur Etxe Zaharreko beheko solairuan, 16:00etatik 19:00etara. Herritarrek, beraz, aurrez aurreko zerbitzua erabili ahal izateko zita eskatu beharko dute, eta hiru bide daude horretarako; alde batetik, 747 493 457 zenbakira deitu daiteke; bestetik, zirrara@astigarraga.eus helbidera idatzi; edota www.astigarraga.eus/eu/sexu webgunean sartuta eta datuak beteta. 

 

«Epairik gabeko espazio bat», herritarrentzat

«Tabuak hautsi» behar direla azaldu du Airak elkarrizketa amaieran eta herritarrak zerbitzua erabiltzera gonbidatu ditu: «edozein arazo edota zalantzak soluzionatzeko epairik gabeko espazio bat da. Ateak beti edukiko ditugu irekita herritarrentzat».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!