Bi eguneko ospakizuna Astigarragan, Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunari begira

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 18a, 00:00

Astigarragako hainbat gaztetxo, 'Gazte izateko eskubidea' murala margotzen.

Azaroaren 20a da gaztetxoen eskubideak aldarrikatzeko eguna, eta horren harira, hainbat jarduera prestatu dituzte astebururako: 'Metamorfosien jokoa' kale ikuskizuna gaur arratsaldean, eta egun osoko festa bihar.

Azaroaren 20a, astelehena, izango da Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna. Eta horri begira, bi eguneko ospakizuna prestatu dute Astigarragan, asteburu honetarako.

Gaurkoan, antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute gaztetxoek. Kontxa Etxeberria plazan jarri dute hitzordua, arratsaldeko 16:30etan; eta 'Metamorfosien jokoa' kale ikuskizun interaktiboa eskainiko du Pantzart antzerki konpainiak.

Ikuskizun horretan, parte­har­tze ak­­ti­boa izango du publi­koak. Lurre­an jarriko dute jo­ko-taula haun­di bat, irudi ma­rraz­tuak dituzten laukiez osatutakoa. Bertan, istorioak, panelak eta musika aukeratu ahal izango dituzte partehartzaileek, koreografia kolektiboa eta anitza osatuz. Karta bana jasoko du publikoko lagun bakoitzak, eta kartekin jolastuz, istorioak sortuko dituzte: metamorfosiak hedatuko dira taula gainean. Metamorfosi bakoitzarekin inprobisatuko du koreografia bat, Lucia Chamorro artistak. Adin guztietako herritarrek hartu dezakete parte, ordubeteko saioan.
 

Goiz eta arratsalde festa bihar, Foru Plazan

Foru Plazara mugituko dute ospakizuna bihar, eta goiz eta arratsalde izango dituzte ekintzak. Denetik prestatu dute goizerako, haur eta nerabeen gozamenerako, 11:30etan hasi eta 13:30ak arte. Xaguxar Aisialdi Taldeak, esaterako, eskulanak, aurpegi margoketa eta herri kirolak antolatuko ditu. Puzgarriak ere izango dira Foru Plazan, eta baita talo tailerra ere.

Arratsaldean ere izango da puzgarrietan aritzeko aukera, 15:30etatik 17:30etara bitartean. Eta beste bi jarduera antolatu dituzte 18:00etatik 20:00etara, ospakizuna borobiltzeko: makilatzeko tailerra, eta disko festa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!