V. Sagardo Forumera joateko bost sarrera bikoitz zozketatuko ditu Astigarragako Udalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 15a, 00:00

Azaroaren 30ean hasiko da V. Sagardo Foruma.

Instagram sare sozialaren bidez egingo dute sarreren zozketa. Abenduaren 2an egingo den III. Nazioarteko Sagardo Azokara joan ahal izango dute irabazleek.

Abenduko lehenengo asteburuan izango da Sagardo Forumaren V. edizioa, eta zozketa bat prestatu dute Astigarragako Udaletik. Forumeko jardueretako bat, abenduaren 2an egingo dena, Nazioarteko Sagardo Azoka da, eta bertara joateko bost sarrera bikoitz zozketatuko dituzte. 

Parte hartzeko instagram kontua edukitzea beharrezkoa izango da; izan ere, Sagardoaren Lurraldea eta Astigarragako Udala kontuak jarraitu behar dira. Ondoren, zozketari dagokion argitalpenari 'atsegin dut' eman behar zaio, eta iruzkinetan jarri norekin partekatu nahi den zozketatutako saria. Sarrerez gain, egunean bertan pintxoa dastatzeko aukera ere izango dute irabazleek. Zozketa azaroaren 27an egingo dute. 

Jarduera askorekin iritsiko da Sagardo Foruma

Azaroaren 30ean hasiko da Sagardo Forumaren aurtengo edizioa. Egitarauari hasiera emateko, jardunaldi teknikoak izango dira Astigarragako Erribera kulturgunean. 

Abendua hastearekin batera, IV. Nazioarteko Sagardo Lehiaketaren txanda izango da. Ostiral horretan jokatuko dute txapelketa, Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian. Azkenik, abenduaren 2an izango da III. Nazioarteko Sagardo Azoka. Hau ere Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!