Batix Ezeizaren lanekin 'Who needs Waves' argazki erakusketa antolatu da azaroaren 18tik 30era

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 13a, 00:00

Astigarragan, Natxo Barral errestaurazio tailerrean, Bidebitarten, egongo da ikusgai.

Astigarragan, Kafeteros Gipuzkoa kolektiboak, Natxo Barral errestaurazio tailerrak, Triton moto arropa dendak eta Adibide Komunikazioak elkarlanean Who Needs Waves argazki erakusketa antolatu dute datorren azaroaren 18tik 30era arte.

Erakusketa izango da Natxo Barral errestaurazio tailerraren erakusketa aretoan. BMW moto klasikoen errestaurazioan berezitutako tailerra da, Bidebitarte industrialdean kokatutakoa.

Aurten ospatu den Wheels and Waves festibalean egindako argazkiak izango dira erakusketaren muina. Jaizkibelen ospatzen den Punk’s Peak azelerazio lasterketetako irudiak eta Biarritzen kokatutako W&W Village espazioan egindako argazkiak ikusi ahal izango dira. Honez gain, festibalarekin lotutako beste zenbait elementu ere egongo dira ikusgai eta baita moto berezi batzuk ere.

Argazkiak Batix Ezeiza argazkilari donostiarrak egindakoak dira. Kafeteros Gipuzkoa kolektiboko kidea eta Adibide Komunikazioko irudi arduraduna. Motoak, pilotuak eta motozaleak dira argazkien protagonista nagusiak, nahiz eta festibaleko beste zenbait aspektu ere ikusi ahal izango diren erakusketako argazkitan. Argazki guztiak salgai egongo dira erakusketarako erabilitako euskarrian (5mm-ko cartón pluma, koloretan) eta behin erakusketa datak amaitu ostean jaso ahal izango dira.

 

Inaugurazioa 18an, 18:00etatik 21:00etara musikarekin

Inaugurazio ekitaldirako DJ Megaramone arituko da musika jartzen eta edariak eskainiko dira erakusketa aretoan bertan. Honez gain, erakusketarako espreski diseinatutako kamisetak ekoitzi ditu Kafeteros Gipuzkoa kolektiboak. Gehienak aurresalmenta bidez eskaini dira baina inaugurazioan bertan erosteko aukera ere egongo da. Bai erakusketa bera eta baita inaugurazio ekitaldia bera ere irabazi asmorik gabekoak dira, bertan bildutako diru guztia (argazkien salmenta, kamisetak, edariak...) erakusketa gastuei aurre egiteko erabiliko da. Eta hala ere irabazirik egongo balitz, Kafeteros Gipuzkoa kolektiboaren hurrengo ekitaldiak antolatzeko erabiliko litzateke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!