Herriko biktimei aitortza egiteko 'Iragana gogoan, aurrerantz' ekitaldia gaur, Emakumeon Plazan

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 10a, 00:00

Alkatea eta elkarbizitzako zinegotzia kereilak bidaltzera joan ziren atzo.

Era berean, Astigarragako Udalak kereilak jarri ditu Gerra Zibileko eta Frankismoaren diktadurapean egindako genozidio edo gizartearen aurkako delituengatik.

Memoria Historikoaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta urtero moduan, Astigarragako Udalak aitortza egin ohi die, herriko biktimei. Eta gaurko ere omenaldi ekitaldia antolatu dute, arratsaldeko 17:30etan, Emakumeon Plazan. Bertan, Gerra Zibilean eta Frankismoaren diktadurapean izandako biktimei aitortza egingo die Astigarragako Udalak, ondorengoei: Segundo Mendiguren, Leandro Lujambio, Sabino Barandiaran, Rafael Boulandier, Joseba Barandiaran, Tomas Alba, Bixente Perurena eta Agustin Izaustabarrena.  Ekitaldiaren ostean, biktimen monolitoetan lore eskaintza egingo dute, eta amaieran, Perurena auzoan merienda eskainiko dute. Eguna amaitzeko, arratsaldeko 19:30etan, Gerra Zibileko eta Frankismo garaiko Astigarragako biktima izan ziren astigartarrei buruzko 'Orri zuriak betetzen' dokumentala proiektatuko dute Erriberan. Eneritz Aulestik eta Unai Alberdik zuzendutako eta Astigarragako Udalak ekoiztutako dokumentala da. Euskeraz izango da, gaztelaniazko azpitituluekin. Sarrera doakoa da eta gonbidapenak 'Astigarraga.eus' webgunean edota Erriberan eskuratu daitezke. 

Astigarragako Udalak kereilak jarri ditu

Astigarragako Udalak ohartarazi du zenbait astigartarrek pairatu zituztela Espainiako Gerra Zibilaren eta Frankiasmoaren diktadurapeko ondorio latzak: «desagertze, erailketa, mutilazio eta beste era askotako genozidio edo gizateriaren aurkako delituak jasan behar izan zituzten». 

Hala, bidegabekeria horiek salatzeko helburuz, 2021eko apirilaren 27ko udal osoko bilkuran onartu zen aho batez, Frankismoaren biktimei buruzko mozioa. Eta mozio horretan Udalak bi konpromiso hartu zituen: «batetik, Biktimen Bulego bat antolatzea, Astigarragan Frankismoaren aurkako kereilak edo salaketak jasotzea eta biktimei edo horien senide guztiei laguntza juridikoa ematea. Hau honela, 2022ko otsailean eta martxoan bulego hori astigartarrentzat irekita egon zen eta 5 biktimen inguruko testigantzak jaso ziren, euren senitartekoek helarazitakoak; eta bestetik, bi kereila kriminal jartzea, Astigarragan diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen guztiak iker daitezen, zein baldintzatan egin ziren zehaztuz, erantzule zuzenak eta zeharkakoak nortzuk izan ziren argituz, eta, kasuan kasu, beraien egozte, auzipetze, epaiketa eta zigorra jartzeko erabakia hartuz. Kereila kriminal horiek honako bi epaitegietan jartzea aurreikusi zen: bata, Argentinako hiriburu den Buenos Airesko Epaitegi Nazionaleko 1. aretoan, 4591/10 auziaren barnean eta bestea, Donostiako epaitegian». 

Eta Astigarragako Udalak hartutako bi konpromisoak gauzatu ditu dagoeneko; irailaren 15ean aurkeztu baizuen kereila Donostiako epaitegian, eta atzo, azaroaren 9an, Argentinakoan. Kereila horietan, honako biktimen aurkako krimenak salatu nahi izan dituzte: Segundo Mendiguren (1936an desagertua); Leandro Lujambio Lasa (1936an desagertua); Sabino Barandiaran Arretxe (1936ko bataila batean eskuineko hankan konpondu ezineko lesioa pairatu eta begia galdu zuen); Rafael Boulandier Garai (1939an Donostian fusilatua); Joseba Barandiaran Urkola (polizia armatuak 1978an eraila); eta azkenik, Tomas Alba Irazusta (1979an GAEk eraila).

Era berean, Astigarragako Udalak eskerrak eman nahi dizkie kereilak jartzeko bide honetan bidelagun izan direnei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!