Hainbat ekintza antolatu dira indarkeria matxistaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 9a, 00:00

Azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da eta indarkeria identifikatzeko, hari aurre egiteko tresnak lortzeko eta hura gaitzesteko antolatu dira ekintzak azaroan zehar.

Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna denez Astigarragako herriak gai horren inguruko hainbat ekintza antolatu ditu. Antolatzaileak herriko hainbat eragile izan dira, hala nola, Emakumeon Etxea, Udala, Gaztelekua, Xaguxar, Gazte Asanblada eta Harituz elkarteak.

Antolatzaileen esanetan: «Indarkeria matxista errotik mozteko ezinbestekoa da erasoak identifikatzea; izan ere, egunerokotasunean bizi ditugun jokabide edo egoera ugari oso errotuta eta onartuta dauzkagun arren, erasoak dira eta  eraso moduan ez identifikatzeak, jarrera horiek baimentzea, errepikatzea eta iraunaraztea dakar. Gainera, geroz eta indarkeria mota gehiago dauzkagu egun, testuinguru eta modu anitzetan gauzatu daitezkeenak. Konplexutasun horretan, erasoak identifikatzen ikasteko baliabideak eta tresnak lortu ahal izango dira, bihar eta etzi, Emakumeon Etxean antolatu duten Autodefentsa feminista tailerrean. Izena ematea beharrezkoa da.

 

'Zuri ere?' erasoen panela Gaztelekuan eta mahai ingurua, Erriberan

Xede berari jarraituz, Gaztelekuan ere nerabeek azaroak 11tik 25era erasoen panelaren bidez, indarkeria egoerak identifikatzeko dinamikak egingo dituzte. Horrez gain, indarkeria jasaten dutenean emakumeek dauzkaten aukerei eta  beharrei buruz arituko dira azaroaren 21ean egingo den mahai-inguruan. Bertan, ikuspegi juridikotik emakumeek dauzkaten aukerei buruz arituko dira eta emozioetatik abiatuta dauzkaten beharrak landuko dira. Horretarako Garazi Plazaola Ugarte abokatua, Aloña Oiartzabal Zapirain psikologoa eta Pilar Carrere Barbarin Mariren alabak elkarteko arduraduna izango dira bertan. Moderatzaile-lanetan Sara Majarenas Ibarreta arituko da. Mahai-ingurua euskaraz izango da, eta aldi bereko itzulpena egingo da gaztelaniara.

 

Elkarretaratzea azaroaren 24an, manifestazioa 25ean

Emakumeon aurkako indarkeria matxista gaitzesteko helburuarekin, azaroaren 24an, 12:15ean, elkarretaratzea egingo da udaletxe aurrean eta azaroaren 25ean, 12:30etan, manifestazioa izango da Erriberatik abiatuta Emakumeon Plazaraino.

 

'Ellas hablan', pelikula

Amaitzeko, azaroak 26an Ellas hablan pelikula emango da Erriberan. 2023an film luze onenaren Oscar sarirako izendatutako hamar filmetako bat izan zen eta gidoi egokitu onenaren Oscar saria irabazi zuen. Zibilizaziotik isolatutako kolonia erlijioso batean bizi den eta abusuak jasan ondoren beren bizitzak berreskuratu nahi duen emakume talde baten istorio liluragarria kontatzen du.

 

EGITARAUA

INDARKERIA MATXISTAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Bihar, azaroak 10: Autodefentsa tailerra Emakumeon Etxean. 17:00-20:00.

Azaroak 11: Autodefentsa tailerra Emakumeon Etxean. 10:00-13:00.

Azaroak 11-25: Erasoen panela. 'Zuri ere?'. Gaztelekuan.

Azaroak 13-30: Argazki erakusketa: 'Luminiszenteak'. Erriberan.

Azaroak 21: Mahai ingurua: 'indarkeria matxista kasuen aurrean zein aukera eta behar ditugu? Erriberan. 18:00etan. Garazi Plazaola, Aloña Oiartzabal eta Pilar Carrere. Moderatzailea: Sara Majarenas eta euskeraz izango da eta gaztelerarako itzulpenarekin.

Azaroak 24: Elkarretaratzea udaletxe aurrean. 12:15etan.

Azaroak 25: Manifestazioa Erriberatik Emakumeon Plazara. 12:30etan.

Azaroak 26: Pelikula: 'Ellas Hablan'. Erriberan 19:00etan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!