Asteazkenean jarriko dute martxan 'ZiRRara' sexu aholkularitza zerbitzua

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 6a, 00:00

Asteazken arratsaldetan izango dira aurrez aurreko kontsultak, Kultur Etxe Zaharrean. Hitzordua eskatu beharko da aldez aurretik.

Herritarren artean «harreman osasuntsu eta parekideak» eraikitzeko helburuarekin, bi ekimen jarri ditu martxan Astigarragako Udalak: 'ZiRRara' sexu aholkularitza zerbitzua, 16 urtetik gorakoentzat; eta sexu heziketa tailerrak, haur eta nerabeentzat. Azarotik ekainera bitarte eskainiko dituzte biak.

Asteazken honetan bertan abiatuko da 'ZiRRara' sexu aholkularitza zerbitzua. Norbanako, bikote eta gurasoei zuzendutako doako zerbitzua da, eta bertan erantzungo diete «gorputza, desira, sexualitatea eta harreman afektibo-sexualei buruzko zalantza, zailtasun edota informazio beharrei». Adibide bezala, honako gaiak aipatu dituzte, landu daitezkeenen artean: seme-alabak edukitzean zein horiek bilatzeko prozesuan erotismoa mantentzea; pertsonen artean plazer eta praktika alternatiboak izaten ikastea bizitzako fase ezberdinetan; sexu identitate edo desira orientazioan zalantzak argitzea; jeloskortasuna eta ez-ulertzeak bikote monogamo eta ez monogamoetan; sexting, pornografia eta sare sozialen bitarteko gertakarien zalantzak edota kezkak argitzea; sarketarekin zailtasunak konpontzea; eta seme-alaben sexu-hezkuntzarako irizpideak jasotzea.

Doakoa eta konfidentziala da zerbitzua, eta asteazken arra­tsal­detan eskainiko dituzte aurrez aurreko kontsultak, Kultur Etxe Zaharreko beheko solairuan, 16:00etatik 19:00etara. Horretarako, aldez aurretik eskatu beharko da txanda, zirrara@astigarraga.eus helbidera idatzita edo 747 493 457 telefonora deituta. Horrez gain, kontsultak egiteko aukera izango da emailez edota WhatsAppez, aurrez aipatutako horietara idatzita: zirrara@astigarraga.eus helbidera eta 747 493 457 telefonora. Informazio gehiago, astigarraga.eus/sexu webgunean dago eskuragarri.

Sexu heziketa saioak eskolan, ikasleei, tutoreei eta gurasoei zuzenduta

Haur eta nerabeentzako sexu heziketa saioei dagokienez, Astigarragako Herri Eskolan eta Arantzazuko Ama institutuan eskainiko dituzte, ikasleei, tutoreei eta gurasoei zuzenduta. Hainbat saio izango dira, «berdinen arteko bizikidetza eta harreman afektibo-sexual osasuntsu eta parekideak lantzeko».

Horrez gain, Gaztelekuan ere egingo dituzte tailerrak, 12-16 urte bitarteko erabiltzaileei zuzenduta; eta nerabeek bertan argitu ahal izango dituzte harreman afektibo sexualei buruzko zalantzak eta kezkak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!