Astearte iluntzean bildu zen Astigarragako Udaleko Plenoa, urriko deialdian; eta besteak beste, bi mozio onartu zituzten bertan: Euskadiko Kaleratzeak Stopek aurkeztutakoa bata, eta UEMArena bestea. Hain juxtu, Kaleratzeak Stopek aurkeztutako mozioarekin hasi zuten Plenoa, plataformako kideak bertan zirela. Mozio horrekin, Udalari eskatu zioten Astigarraga eremu tentsionatu izendatzeko pausoak eman zitzala, Eusko Jaurlaritzari eskaera eginda, etxebizitzen alokairuen prezio garestiagatik, eta Etxebizitzaren Estatuko Legeak zona horietarako arautzen dituen mugak direla eta. Izan ere, plataformako kideek nabarmendu zuten «bizitegi-larrialdi egoeran» dagoela Astigarraga, «alokairuan eskainitako higiezinen eskasia haundia delako»; eta 1.372 eurokoa dela batazbesteko errenta. Aho batez onartu zuen mozioa Plenoak, eskaerari erantzuteko konpromisoa hartuz; eta Xabier Urdangarin alkateak jakinarazi zuen, dagoeneko hasi direla bide horretan pausoak ematen.
Beste mozioa, UEMAk aurkeztutakoa ('Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat'), Ple-noaren bukaeran aztertu zuten, eta EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zuten; kontra bozkatu zuen PSE-EEk, euskeraren aldekoa izan arren, mozio horren testuarekin ados ez zegoelako. Mozioa onartuta, Udalak gaitzetsi zituen «azkenaldian euskeraren kontra hartu diren epaiak», eta deia luzatu zien herritarrei, atzo Bilbon egin zen manifestaziora joateko.
Moziora iritsi aurretik, beste lau puntu onartu zituen Plenoak, aho batez. Batetik, %0,5 igoko dituzte udal langileen soldatak, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izango du eragina. Bestetik, autotaxi zerbitzuaren tarifak ez igotzea adostu dute 2024rako. Eta behin betiko onarpena eman zioten, baita ere Ipintza Gurutzegain eremuko xehetasun azterketari, Ipintza eta kiroldegiaren arteko aparkalekuaren eremuan etxebizitzak eraikitzeko.
Onartutako laugarren puntua herri baratzeei dagokie. Izan ere, horiek erabiltzeko baimenak amaitu egin dira, eta zozketa berriro egin behar duten honetan, udal idazkariak proposatu du erregelamendua eguneratzea, lizentzien ordez emakida administratiboak direlako. Hasierako onarpena eman diote eguneraketari, eta horren arabera, gehienez 7 urterako izango dira emakidak, eta interes taldeak eta lehentasunezko taldeak zehaztuko dituzte. Deialdi irekia egingo dute, emakiden zozketan parte hartzeko.
Plenoaren bukaeran, 2024ko Udal Aurrekontuaren lanketaren berri eman zuen alkateak: urriaren 31n aurkeztu zuten, eta 15 eguneko epea zabaldu dute ekarpenak aurkezteko, azaroaren 14ra arte. Hilaren 21ean eramango dute proposamena Ogasun Batzordera, eta 28an Plenora.
Dirulaguntzak hizpide, Tokiko Gobernu Batzordean
Plenoaren aurretik, Tokiko Gobernu Batzordeak egin zuen bilera, eta dirulaguntzak izan zituzten hizpide. Bi laguntza mota onartu zituzten: ekintzaileei laguntzak, heziketa positiboan laguntzeko zentro bati eta fisioterapia zentro bati (guztira 8.000 euro); eta lehen sektorea sustatzeko dirulaguntzak lau eskatzaileri, besteak beste idientzako pentsua erosteko, sagarrak biltzeko makina erosteko eta eguzki plakak jartzeko (guztira 23.424 euro).