Eragiyok abesbatzak kontzertua eskainiko du gaur Bilbon, Jatorki Ahots Zuriak abesbatzarekin batera

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 4a, 00:00

Jatorki eta Eragiyok berriro ere elkarrekin izango dira, gaur, Bilboko Kuna Etxean.

Kontzertua Bilboko Kuna Etxean izango da, eta arratsaldeko 19:30etan emango diote hasiera, emanaldiari. Aurrena Jatorkik abestuko du, eta segidan Eragiyokek, «errepertorioko betiko kantuak eta berriki gehitutakoak uztartuz», azaldu dute.

Astigarragako Eragiyok abesbatzak gaur arratsaldeko 19:30etan kontzertua eskainiko du Bilbon, Jatorki Ahots Zuriak emakumeen abesbatzarekin batera. Bilboko Kuna Etxean izango da kontzertua, izan ere, bilbotarrek 50 urte bete dituzte aurten, eta urteurrena ospatzeko lau kontzertu nagusi eskainiko dituzte 'Herri, errai, erro' lemapean. Gaurko kontzertua horietako bat izango da eta Eragiyok abesbatzarekin batera emanaldi ederra eskainiko dute. 

Bi abesbatzek bat egingo dute gaur Bilboko Kuna etxean, baina ez da batera arituko diren lehenengo aldia. Izan ere, bi taldeek Kanboko zortzikoteen jaialdian elkar ezagutu zuten 2022an eta, horren ondoren, harremana sortu zen beraien artean. Gauzak horrela, talde bilbotarra Eragiyokek Astigarragan antolatzen duen 'Ahober' zikloaren estreinaldiaren protagonista izan zen ekainean. 

Hala ere, oraingo honetan, rolak aldatuko dituzte: Jatorkik hasieran kantu batzuk abestuko ditu eta, horien artean, Antonio Machadoren La primavera besaba olerkian oinarrituta, musika pieza lehen aldiz emango dute. Eta segida emango dio Astigarragako gizonezkoen abesbatzak, gaurko prestatutako errepertorioaren lagin batekin, betiko kantuak eta berriki gehitutakoak uztartzen dituena. Horrela, Ara nun diran, Kanta berri edo Ürzo luma klasikoekin batera, aurten errepertorioari gehitutako Segalariak edo Aurtxo-aurtxoaren modukoak entzun ahal izango du bertaratzen den orok.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!