Hodei Expositok gaur jokatuko du, Berrizen, Promozioko Lau t'erdiko Txapelketaren finalerdia

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 1a, 00:00

Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, astigartarrak Julen Egiguren azpeitiarra izango du aurkari, bere estreinako finalera sailkatzeko lehian.

Hodei Exposito esku pelotari astigartarrak gaur jokatuko du Promozioko Lau T'erdiko Txapelketaren finalerdia, Berrizen. Julen Egiguren azpeitiarraren kontra ariko da, arratsaldeko 17:00etan hasita; eta irabazleak sari potoloa eskuratuko du: final haundirako txartela. 

Expositok eta Egigurenek ba­dakite zer den txapelketa honetako finalerdia jokatzea. Joan den urtean, Expositok, ia profesionaletan debuta egin berritan, Iker Salaberria goizuetarraren aurka jokatu zuen finalerdia, baina galdu egin zuen. Finalean izan zen Egiguren, eta goizuetarrak menderatu zuen orduan. 

Expositok urtebete eta hilabete osatu du profesionaletan, eta lau t'erdian emaitza oso onak eskuratu ditu orain arte. Hala ere, beste salto bat eman nahi du, eta finalera sailkatu.

Txapelketako beste finalerdi­an, Iraitz Zubizarretak eta Unai Alberdik neurtuko dituzte indarrak etzi, Villabonan. 

 

Bi garaipen eta porrot bana, ligaxkan

Antzeko ibilbidea egin dute Expositok eta Egigurenek, semifinaletara iristeko. Astigartarrak lehenengo postuan amaitu zuen ligaxka A taldean; Unai Alberdirekin eta Iosu Eskirozekin berdinduta, baina tanteo hobearekin. Alberdi eta Andoni Gaskue menderatu zituen astigartarrak, eta Eskirozen aurka galdu zuen. Egiguren, bere aldetik, B taldeko bigarrena izan zen. Zubizarretak erraz menderatu zituen aurkari denak ligaxkan, eta Egigurenek Unai Mata eta Jon Alberdi gainditu zituen. Alberdiren aurkako garaipenak eman zion pasea azken jardunaldian. 

Partidu berdindua espero da, eta ez dago faborito argirik, nahiz eta Egigurenek finalera sailkatzea zer den badakien. Expositok gaurkoa du hori lortzeko bigarren aukera. Maila ona erakutsi du ligaxkan, eta oso erregular aritu da partidu guztietan. Egiguren, aldiz, bere mailatik urrun aritu zen Zubizarretaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!