Trafiko mozketak egingo dituzte Astigarragako Herri Eskola inguruan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 24a, 00:00

Goizean 8:45etatik 09:05etara bitartean eta arratsaldean 16:20etatik 16:40etara bitartean egingo dituzte trafiko etenak. 

Udaltzainek egunero gidatzen dute trafikoa Astigarragako herri eskolaren atarian, eskolako haurrei sarreran eta irteeran laguntzeko, «seguru iristen direla bermatzeko helburuarekin» aitortu du Udalak.  Eskolako sarrera-irteeretan behin eta berriz errepikatzen da arazo bera: ibilgailuak egoten dira oinezkoen pasabideetan, espaloiaren gainean, bigarren lerroan... Horrek oztopoak eta arriskuak sortzen ditu. 

Eskolak 730 ikasle inguru ditu, 450 familia baino gehiago. Ikasle kopuru horrekin, familia bakoitzak bere seme-alabak autoan eramango balitu, «egoera jasanezina» izango litzatekeela aitortu du Udalak. Horregatik, arazoari aurre egiteko eta ikasleen eta familien babesa bermatzeko, Santio Zeharra kaleko zirkulazioa etengo da eskola egunetan, sarrera eta irteera orduetan (mozketak kupelako biribilgunean eta Kale Nagusiko bidegurutzean egingo dira): goizeko 08:45etatik 09:05etara; eta arratsaldeko 16:20etatik 16:40tara. 

Ordu tarte horietan, bizilagunak, larrialdietako ibilgailuak eta mugikortasun mugatuko pertsonen ibilgailuak baino ezingo direla pasa aitortu du Astigarragako Udalak. Amaitzeko, iradokizunak eta argibideak jasotzeko, Astigarragako Udaltzaingoaren bulegora jotzeko aukera dago. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!