Irisgarritasunari buruzko lehenengo saio irekia bihar izango da auzoetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 23a, 00:00
Astigarragarantz proiektuaren aurkezpena egin zuten duela bi aste.

Astigarragarantz proiektua martxan jarri da eta berdintasunaren inguruko saio irekia egin eta gero, irisgarritasunaren txanda iritsi da.

Astigarragarantz proiektuaren baitan, Udalak lau gairi buruzko herri gogoetak jarri ditu martxan: berdintasuna, euskera, irisgarritasuna eta tokiko garapen jasangarria. Prozesu horiek urrian hasi dira eta 2024ko udaberrian amaituko dira eta tresna izango dira datozen urteetako politika publikoak diseinatzeko eta garatzeko. Horretarako saio irekiak eta galdetegiak prestatu dira.

Berdintasunaren inguruko saio irekia egin zen pasa den asteazkenean eta bihar, irisgarritasunari lotuta lehenengo saio irekia egingo da. Auzo topaketak izango dira goiz eta arratsaldez toki ezberdinetan herritarren partehartzea erraztearren. 2017an onartu zen Irisgarritasun Plana eta prozesu honen bitartez eguneraketa egingo da.

Euskeraren inguruko saioa, Erriberan 18:00etan, azaroaren 2an izango da eta toki jasangarriari dagokionez lehen saioa azaroaren 8an abiatuko da eta egungo egoeraren analisia egingo da.

Informazio guztia astigarragarantz.eus eta astigarraga.eus/eus/parte-hartu helbideetan aurki daiteke. Eta prozesuaren inguruko zalantzak argitzeko astigarragarantz@astigarraga.eus helbidean edo 688 850 760 telefonoan kontsulta daitezke.

 

Euskerari buruzko galdetegia gaur amaituko da eta bihar hasiko da tokiko garapen jasangarriari buruzkoa

Galdetegiak bata bestearen atzetik egiten ari dira. Euskeraren ingurukoa gaur amaituko da eta bihar hasiko da tokiko garapen jasangarriari buruzkoa. Hirugarrena irisgarritasunari buruzkoa da eta laugarrena berdintasunari buruzkoa.

Astigartarren partehartzea behin eta berriz azpimarratu dute proiektuaren bultzatzaileek. «Oso garrantzitsua da herritarrek parte-hartzea, astigartarron ekarpenak jasoz. Astigarraga inklusiboago bat, euskeraz bizi den Astigarraga bat, berdinzaleago bat nahi dugulako eta jasangarriagoa. Hori astigartarrekin elkarlanean egin nahi dugu. Adituen iritziak garrantzitsuak dira, baina herritarrenak ezinbestekoak dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!