Astigarragako hiru emakumeren lanak ikusgai egongo dira hilabetez, bihartik, Emakumeon Etxean. Erakusketa azaroaren 23ra arte egongo da ikusgai Emakumeon Etxean zabalik dagoen ordutegian (astelehen, astearte eta ostiraletan 10:00etatik 13:00etara/ asteazken eta ostegunetan 16:00etatik 19:00etara).
Bihar inaugurazioan janaria eta edaria izango dira
Herriko hiru emakume artistak Pepa Caballero, Visi Herrero eta Ana María Sabatié dira. Hirurek harreman haundia dute artearekin, nahiz eta guztiek zailtasunak izan dituzten familia, lana eta artea uztartzeko orduan, guztiek lortu dute eta, urteen poderioz, sormen hori gero eta gehiago garatu dute. Bihar inaugurazioa izango da eta bertan, erakusketaz gain, bertaratutakoentzako janaria eta edaria iznago dira.
Pepa Caballero duela 59 urte Kordoban jaio zen eta «lau anai-arrebetatik zaharrena naiz. 14 urterekin hasi nintzen lanean, familiari laguntzeko». 2003an etorri zen Astigarragara bizitzera eta «etapa berri bat hasi zen nire bizitzan. Neure dekorazio-denda ireki nuen, nire ametsa egi bihurtu eta lanean artea txertatzeko aukera edukiz».
Visi Herrerori beti gustatu izan zaio pintura. «20 urterekin hasi nintzen pintura klaseetara joaten, eta ez diot margotzeari utzi, ikasgelan eta etxean. Jakina, beti daude gutxi gorabehera margotzen dituzun etapak, edo denbora baterako utzi behar duzu; izan ere, lanaldia, seme-alabak, etxeko lanak, gainerako familiarrentzako arretak eta abar konbinatu behar dituzu».
Ana. M. Sabatié erretiratu baino lehentxeago marrazketa-klaseetara joaten hasi zen. «Urte batzuk geroago, alabak marrazki bat egin behar zuen instituturako, argizarizko margoekin, eta hain larrituta ikustean, nik neuk egin nuen. Ikatz-margo, kreta, grafito-arkatz, sangina eta pastel estiloak marrazten hasi nintzen».