Gazteak eta ez hain gazteak aurrez aurre jarriko dira gaur, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 21a, 00:00

Iker Kasad eta Zuriñe Hijarubia, Gazte Erronkaren antolatzaileak.

200 astigartar arituko dira probak egiten, eta 300 inguru bilduko dira Txomiñeneko Herri Bazkarian. 

Antolaketa lanetan hilabeteak pasa ondoren, gaur egingo dute Gazte Erronka Astigarragako gazteek eta ez hain gazteek. Egun osoko festa izango da, eta parte hartuko duten 200 astigartarrak herriko gune askotan arituko dira askotariko probak egiten. 

Goizeko 10:30etan hasiko dira jarduerak. Mural margoketa proba egingo dute Joseba Barandiaran plazan. Ondoren, 11:00etan, errelebo lasterketan lehiatuko dute bi taldetako kide batzuek, besteek bazkaria prestatzen duten bitartean. 12:30etan Herri Kirolak egingo dituzte, eta bukatzerakoan kalejiran abiatuko dira Txomiñenera, Herri Bazkari baten bueltan elkartzeko. 

Bazkalordua izango da lehiaketarik gabeko momentu bakarra, baina gutxi iraungo du lasaitasunak. Izan ere, 16:30etan bertsoak, playbacka eta karaokea probatu beharko dituzte parte hartzaileek. Hortxe amaituko dira probak, eta 18:30etatik aurrera Distopia elektrotxarangaren erritmora mugituko dira herritik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!