Ingurune birtualetan emakumeek jasaten duten indarkeria aztergai

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 20a, 00:00

Matazak elkarteak jardunaldiak antolatu ditu gaurko eta biharko. Erribera kulturgunean izango dira hitzaldi guztiak.

Astigarragako Matazak Indarkeria Sexistaren Aurka elkarteak jardunaldiak antolatu ditu seigarren urtez jarraian. Aurtengo edizioan, ingurune birtualetan emakumeek jasaten duten indarkeria aztertuko dute, zenbait adituren laguntzarekin. 

Gaur arratsaldean, hasteko, Marta Macho-Stadler matematikari eta dibulgatzaile zientifikoak 'Emakumeak informatikan: genealogiatik arrakaletara' hitzaldia eskainiko du, 18:30etatik 20:30etara, Erriberan.

Bihar, berriz, goiz osoan ze­har eskainiko dituzte hitzaldiak, Erriberan bertan. Guztira lau saio antolatu dituzte: 'Ziberfeminismoa, genero indarkeriaren aurkako laguntza sarea', Muria Varelaren eskutik; 'Nanosfera: aktibista feministen aurkako indarkeria sare sozialetan eta zibersegurtasuna', Carolina Gonzálezen eskutik; 'Emakumeen aurkako indarkeriak sare sozialetan eta ligatzeko aplikazioetan', Laura Mañasen eskutik; eta 'Indarkeria algoritmikoak eta adimen artifiziala: aukerak eta desafioak indarkeria matxisten aurkako borrokan', María Lópezen eskutik.

Hitzaldietan parte hartzea doakoa da, baina derrigorrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako, encuentrofeministamade­jas@gmail.com helbidera idatzi behar da. 

Jardunaldien amaieran, V. Matazak Saria emango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!