Salgai daude jada Astiarragako dendetan eta establezimenduetan kontsumitzeko deskontu bonuak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 20a, 00:00

Astigarragako establezimendu askok egin dute bat kanpainarekin.

Gaur jarriko dituzte salgai deskontu bonu orokorrak, eta azaroaren 30era arte erosi ahal izango dira, Astiko elkartearen webgunean. %20ko deskontua izango dute bonu horiek.

Gaurtik aurrera, salgai daude Astigarragako deskontu bonu orokorrak. Txartel orokorrek %20ko deskontua izango dute, eta herriko 31 establezimendutan erabili ahal izango dira. Horretarako, www.astiko.eus webgunearen bi­tartez erosi behar dira bonuak; azaroaren 30era arte mantenduko dute zabalik eskuratzeko epea, lehenago bukatzen ez diren bitartean. Herritarrengandik erantzun ona jaso ohi du Astikok deskontu bonuen salmentan, eta Astigarragan kontsumitzen duten pertsonei laguntzea da elkartearen nahietako bat: «Herrian kontsumitzen duten herritarrak saritu nahi ditugu, beraien erosketetan deskontuak eskainiz».

Bonuak 2024ko otsailaren 29ra arte erabili ahal izango dira, eta lau motatakoak erosteko aukera dute astigartarrek: 10, 20, 50 eta 100 eurokoak, hain zuzen ere. Astiko elkartetik na­barmendu dute, seigarren edizio honetako helburua dela «herrian bertan kontsumitzeak duen garrantziaz» kontzientziatzea: «Herriko merkataritzan eta ostalaritzan kontsumitzeak, herriaren ekonomian, herriko enpleguaren sorkuntzan zein herri bizitzaren dinamizazioan duen eraginagatik».
 

Eskaintza berezia aurten, herriko gazteentzat

Deskontu bonu orokorrez gain, gazteentzako deskontu bonuak eskuratzeko aukera ere badago. Urriaren 6an jarri zituzten salgai txartel berezi horiek, 16 eta 29 urte bitarteko herritarrentzat. Horiek ere, Astiko elkartearen webgunean erosi behar dira, ondoren establezimenduetan era­bili ahal izateko. Epeak berberak dira, kasu honetan ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!