Coral Escriny eta Aiztondo abesbatzek, kontzertua

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 16a, 00:00

Erribera kulturgunean eskainiko dute Santpedor-eko (Bartzelona) eta Astigarragako abesbatzek larunbatean, 19:00etatik aurrera.

Erribera kulturgunean kontzertua eskainiko dute, larunbatean, 19:00etatik aurrera, Coral Escriny eta Aiztondo abesbatzek. Coral Escriny Santpedor (Bartzelona) herriko abesbatza da eta 2009garren urtetik Marc Raguant da zuzendaria. Santpedor ezaguna da Pep Guardiola futbol entrenatzailea bertakoa baita. Coral Escriny 1968an sortu zen abesbatza mixto bezala.

Bere historia luzean zehar, abesbatzak musika genero ugari interpretatu ditu, hasi kantu tradizionaletatik eta pop-rockeraino, baita koru lan klasiko haundiak, gospela, jazza eta autore garaikideen lanak ere. Manel Camp-en Illa inaudita abesbatzarentzat idatzi zen.

Gaur egun, 60 kidek osatzen dute abesbatza, gehienak musika heziketarekin, Bages eskualdeko hainbat herritatik etorriak. Astigarragan bere errepertorioaren hainbat kantu entzun ahalko dira eta Igor Arroyok zuzentzen duen Aiztondorekin batera ere arituko dira.

 

Doan, baina sarrera hartu behar da

Bi abesbatzen emanaldia ikusteko eta entzuteko ez da sarrerarik ordaindu behar. Doan da, baina hori bai sarrera hartu behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!