Sarekada eta Anbotoko Mari antzezlanak ikusteko aukera izango da asteburu honetan Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 14a, 00:00

Gaur, helduei zuzenduta doan 'Sarekada' antzezlana eskainiko du Vaiven Teatro taldeak, 20:00etan hasita, Erriberan; eta bihar, berriz, 'Anbotoko Mari' antzezlan multimedia ikusteko aukera izango dute Astigarragako txikiek, 17:00etan hasita, Erriberan

Astigarragako urriko kultur agendak martxa hartuta du dagoeneko. Askotariko jarduerak biltzen ditu urriko eskaintzak, eta antzerkiaren txanda izango da asteburu honetan. Bi proposamen daude, elkarren artean zerikusirik ez dutenak. Lehenengoa helduei zuzendutako ikuskizuna izango da, 'Sarekada' komedia, eta bigarrena haurrei zuzendutako 'Anbotoko Mari' antzezlan multimedia. 

SAREKADA

'Sarekada' izeneko antzezlanak astigartarren arreta bereganatuko du. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da Vaiven teatroak eskainiko duen antzezlana, Erriberan. Nerea Gorritik, Inazio Tolosak, Ainhoa Aierbek eta Xanti Korkostegiak osatzen dute antzerki taldea. Sarrerak 8 euroko prezioa du helduentzat, eta haurrentzat, aldiz, 4 eurokoa.

'Inorekin ez fidatzeko moduko komedia' gisara definitu izan dute antzezlana. Drama puntu ugari dituen testu komikoa da, eta egungo gizartean puri-purian dauden zenbait gai kritikatzen ditu; enpresa teknologiko haundien algoritmoen erabilera, esaterako: «Sareetan egoteagatik ordaindu beharreko prezio gisa autozentsura onartzen ari garen ikusle-masa batentzat. Sareetan ez bazaude ez zara existitzen, baina egoteko zure irudi auto-zentsuratua sortu behar duzu. Autozentsurak pobretze intelektuala eragiten du beti, eta hori aprobetxatuko dugu komedia tonuan erretratatzeko», azaldu dute antzerki taldetik.

Sinopsia

Etxean lasai afaltzen duen familia batek poliziaren sarekada bat jasan du, familiako kideren batek etxeko porno-sare bat darabilen susmoa dagoelako. Hasiera batean, denek ematen dute egozten zaizkien delituen errudun, baina ikusleak pixkanaka jakingo du akusazioen oinarri diren artxiboak ez direla diruditenak. Zenbateraino lotsatzen zara zeure intimitateaz algoritmoen moral puritanoak epaitzen zaituenean?

ANBOTOKO MARI

Astigartar gaztetxoek igande arratsalde ederra pasatzeko aukera izango dute. Arratsaldeko 17:00etan hasita, bideo animazioa, interakzioa eta musika biltzen dituen 'Anbotoko Mari' antzezlan multimedia eskainiko dute Erriberan.

Sinopsia

Gari, mutiko txoro bat, lagunekin haserretu eta bakarrik abiatuko da Anbotora. Mariren haitzuloan sartu eta harri magiko bat aurkituko du. Harria bertan uzteko esaten dion ahotsari kasurik egin gabe, lapurtu eta alde egingo du, harria lagunei erakusteko asmoarekin. Anbotoko Mari atzetik abiatuko zaio mendirik mendi eta Garik gero eta magia txoroagoak egingo ditu harriarekin, Marik harrapa ez dezan. Marik Tartaloren, iratxoen eta beste jeinu batzuen laguntza eskatu beharko du harria berreskuratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!