Jose Miguel Romerok eta Imanol Lorenzok osatutakoak, Sagar Uztako argazki sorta onenak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 13a, 00:00
Jose Miguel Romero eta Imanol Lorenzo, sariekin, beraiek egindako argazkiekin osatutako panela atzean dutela.

Asteazkenean banatu zituzten Sagar Uzta Argazki Rally Digitaleko sariak, eta lehiaketako argazkien erakusketa ikusgai dago Sagardoetxean.

14garrenez egin zuten Sagar Uzta Argazki Rally Digitala, irailaren 24an Astigarragako Foru Plazan, Sagar Uzta jaiaren barruan. Argazki bilduma bana osatu zuten partehartzaileek goiz horretan zehar, sagarra eta sagardogintzako lanak protagonista zirela, besteak beste. Eta osatutako album guztien artean, Jose Miguel Romerorena eta Imanol Lorenzorena izan dira saritutakoak. Bilduma onenaren saria jaso du Romerok, eta bigarrena Lorenzok.

Asteazken arratsaldean banatu zizkieten sariak, Sagardoetxean. Ekitaldi horrekin batera, gainera, lehiaketako argazkien erakusketa zabaldu zuten. Urriaren bukaerara arte egongo da ikusgai Sagardoetxean, 20 egunez, museoa zabalik dagoen ordutegian.

Publikoaren Saria banatzeko bozketa, datorren astean Instagramen

Edonola ere, sari kontuak ez dira bukatu oraindik, Sagar Uzta Argazki Rally Digitalari dagokionean. Izan ere, sari bat gehiago banatuko dute: Publikoaren Saria. Datorren astean jarriko dute martxan horretarako bozketa, herritarrek aukeratuko baitute irabazlea. Zehazki, partehartzaile bakoitzaren argazki bana argitaratuko du Sagardoaren Lurraldeak, Instagramen daukan kontuan; eta argazki guztien artean, atsegite gehien jasotzen dituena izango da saritua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!