'Anbotoko Mari', haurrentzako antzezlan multimedia berezia, igande honetan Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 13a, 00:00
Garik lapurtutako harri magikoa berreskuratu beharko du Marik.

Arratsaldeko 17:00etan eskainiko dute, bideo-animazioa, interakzioa eta musika bilduta. Sarrerak salgai daude, Erriberan eta online.

Haurrentzako emanaldi berezia izango da igande honetan, Erribera kulturgunean. 'Anbotoko Mari' izeneko antzezlana eskainiko du Logela Multimedia estudioak, arratsaldeko 17:00etan hasita, euskeraz.

Ezohiko antzezlana da, bideo-animazioa, interakzioa eta musika biltzen baititu. Gari da protagonista, «mutiko txoro bat». Lagunekin haserretu, eta bakar-bakarrik abiatuko da Anboto mendira bidean. Bertan, Mariren haitzuloan sartuko da, eta harri magiko bat aurkituko du. Harria bertan uzteko esaten dion ahotsari kasurik egin gabe, hura lapurtu eta alde egingo du, harria lagunei erakusteko asmoz. Baina atzetik abiatuko zaio Anbotoko Mari, eta gero eta magia txoroagoak egingo ditu Garik harriarekin, Marik harrapatu ez dezan. Harria berreskuratzeko, Tartalori, iratxoei eta beste jeinu batzuei eskatu beharko die laguntza Marik.

Emanaldirako sarrerak salgai daude, Erriberan bertan eta astigarraga.eus atarian: helduek 6 euro, eta adin txikikoek 3 euro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!