Voces Graves de Madridek eta Eragiyokek, emanaldi bikaina

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 12a, 00:00
Eragiyok abesbatzak kontzertua eskaini zuen Madrilgo Voces Graves abesbatzarekin batera.

Ikusle mordoa bildu zen larunbat arratsaldean, Erribera kulturgunean, Eragiyokek antolatutako Ahober zikloaren bigarren hitzorduan, etxeko abesbatza eta Madrilgo Voces Graves taldea entzuteko. Lehenengo kantuak Eragiyoken eskutik iritsi ziren. Talde astigartarrak bere errepertorioari berriki gehitutako obra batzuk abestu zituen, hala nola Euskal-Erria edo Negra sombra. Era berean, bere hastapenetan emandako Maite-miña ere entzun ahal izan zen. Hasierako kantu horien ostean, berrogeita bost lagunez osatutako Voces Graves igo zen eszenatokira, entzuleei «musika-bidaia» bat eskaintzeko asmoz. Arratsaldeko puntu gorena bisekoen txandan iritsi zen. Oroigarrien trukeak agerian utzi zuen bi abesbatzen artean sortutako giro bikaina, eta horrek bere isla izan zuen azkeneko bi piezen interpretazioarekin: Josu Elberdinen Izar ederrak eta Segalariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!