'Astigarragarantz' herri gogoeta martxan, herritarren partehartzearekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 11a, 00:00

Udalak astigartarren partehartzea nahi du eta horregatik deialdia egin zuen astelehenean.

Udalak lau gairi buruzko herri gogoetak abiatuko ditu: berdintasuna, euskera, irisgarritasuna eta tokiko garapen jasangarria.

Legegintzaldi berria gogoeta estrategikoen unea dela gogoratu zuen Xabier Urdangarin alkateak, astelehenean Emakumeen Plazan, Astigarragarantz proiektuaren aurkezpenean. Hortik abiatuta, Udalak lau gairi buruzko herri gogoetak jarri ditu martxan: berdintasuna, euskera, irisgarritasuna eta tokiko garapen jasangarria. Prozesu horiek urrian hasi eta 2024ko udaberrian amaituko dira eta tresna izango dira datozen urteetako politika publikoak diseinatzeko eta garatzeko. 

Urdangarinen hitzetan: «Astigarragarantz bidea egiteko unea da, zer nolako Astigarragara joan nahi dugun jakiteko. Datozen urteei begirako hausnarketa honetan, Udalari garrantzitsua iruditu zaio ahalik eta plan osatuenak garatzea, herritarren partehartzearekin eginda eta herritarrentzat izango direnak. Horregatik, gogoeta horietan herritarrek eta eragileek izan behar dute ahotsa, eta, beraz, prozesuetan parte-hartzera gonbidatu nahi ditu Udalak».

Lau alorrak desberdinak diren arren, asko dute amankomunean, zeharkotasuna duten gaiak dira, eta, beraz, «guztiak 'A* Nahi dugun Astigarragarantz' markaren barruan kokatzea eta marko komun bat ematea erabaki da».

Prozesuetan jasotako lan-ildo guztiak plan estrategikoetan egikarituko dira eta otsailaren erdialderako prest egotea aurreikusten da. 2024ko udaberrian herritarrei partehartzeko prozesuen eta landutako plan estrategikoen berri emango zaie. 

 

Prozesuak eta saio irekiak

Herritarren eta eragileen ahotsa jaso nahi den honetan, beraiei bideratutako saio irekiak eta galdetegiak antolatuko dira. Guztira 13 saio ireki egingo dira eta guztiak 18:00etan izango dira Erribera kulturgunean. Saioetan parte-hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea.

Galdetegiei dagokionean, online erantzun ahal izango dira udal webgunearen bitartez eta paperean ere bete ahal izango dira, herrian kokatutako 8 postontzietako batean utziz: kiroldegian, udaletxean, kultur etxe zaharrean, Erribera kulturgunean, Kiriketa haurreskolan, Herri Eskolan, Emakumeon Etxean eta Galtzaur elkartean.

Gogoetak hastearekin batera berehala abian jarriko diren ekintzak azpimarratu ziren lehentasunez; urriaren 18ko Berdintasun prozesuko saioa, non III. Berdintasun planaren ebaluazioa egin eta aurrera begirako erronkak identifikatuko diren; eta, Euskerako prozesuan atzotik urriaren 23ra bideratu den galdetegia, herritarrek Astigarragako euskeraren egoerari buruz duten pertzepzioa jasotzeko helburua izango duena. Azaroaren 2an izango da euskeraren inguruko lehenengo saio irekia hezkuntza eta familia ardatz hartuta. Egungo egoerari buruz egingo da gogoeta, erronkak identifikatu eta helburu batzuk adostuko dira. 

Irisgarritasunari lotuta lehenengo saio irekia urriaren 24an egingo da. Auzo topaketak izango dira eta kasu honetan ez dira Erriberan 18:00etan izango. Goiz eta arratsaldez izango dira toki ezberdinetan herritarren partehartzea erraztearren. 2017an onartu zen Irisgarritasun Plana eta prozesu honen bitartez eguneraketa egingo da.

Toki jasangarriari dagokionez lehen saioa azaroaren 8an abiatuko da eta egungo egoeraren analisia egingo da. Beraz, lehenengo saioak urriaren 18an, urriaren 24an, azaroaren 2an eta azaroaren 8an izango dira. 

Informazio guztia astigarragarantz.eus eta astigarraga.eus/eus/parte-hartu helbideetan aurki daiteke. Eta prozesuaren inguruko zalantzak argitzeko astigarragarantz@astigarraga.eus helbidean edo 688 850 760 telefonoan kontsulta daitezke.

Galdetegiak bata bestearen atzetik egingo dira. Atzo hasi zen euskeraren ingurukoa eta urriaren 23an amaituko da. Hurrengo egunean hasiko da tokiko garapen jasangarriari buruzkoa. Hirugarrena irisgarritasunari buruzkoa da eta laugarrena berdintasunari buruzkoa.

 

Herritarren parte-hartzea beharrezkoa da

Aurkezpenean astigartarren partehartzea behin eta berriz azpimarratu zuten. «Oso garrantzitsua da herritarrek parte-hartzea, astigartarron ekarpenak jasoz. Astigarraga inklusiboago bat, euskeraz bizi den Astigarraga bat, berdinzaleago bat nahi dugulako eta jasangarriagoa. Hori astigartarrekin elkarlanean egin nahi dugu. Adituen iritziak garrantzitsuak dira, baina herritarrenak ezinbestekoak dira».

Aurkezpenean azaldu zituzten gogoetak egiteko bileren egutegia. «Lau gaietan eskema berdina jarraituko da. Egoeraren analisia egingo da hasieran, erronkak aztertuko dira ondoren eta lehenetsi, hirugarren pausoan erronka horiek lortzeko helburu batzuk zehaztuko dira eta helburuak betetzeko ekintza plan bat zehaztuko da. Beraz ez da gogoetan geratuko, baizik eta errealitatera eramango da eta hori da prozesu honen balio erantsia».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!