Eragiyokek eta 'Voces Graves de Madrid'ek bat egingo dute, bihar

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 6a, 00:00

Astelehenean aurkeztu zituzten zikloko bigarren kontzertuaren xehetasunak.

'Ahober' Zikloaren baitan, bihar bigarren kontzertua eskainiko dute, arratsaldeko 19:00etan, Erriberan.

Pasa den astelehenean aurkeztu zituzten 'Ahober' ahots berdinen abesbatza zikloaren bigarren kontzertuaren nondik norakoak. Eragiyok abesbatzak, etxean hartuko du Voces Graves de Madrileko abesbatza, eta arratsaldeko 19:00etan izango da kontzertua, Erriberan. 

Justu hilabete honetan ospatuko ditu 5 urte Eragiyok abesbatzak eta urte hori baliatuta, ahots berdinen zikloa antolatu dute Astigarragako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Abesbatzen Elkartearen laguntzaz. Ekainean abiatu zen zikloa, Jatorki Ahots Zuriak Bilboko emakume taldearen kontzertuarekin, eta bihar, Madrilekoen bisitarekin osatuko da kontzertua. Kontzerturako gonbidapenak Astigarragako Udalaren webgunean eskuratu daitezke, edota Erribera kulturgunean bertan.

 

Egitarau erakargarria, biharko

Egitarau erakargarria iragarri dute bi abesbatzek. Eragiyokek sarrera gisa hasierako kantuak emango ditu aurten errepertorioari gehitutako hainbat obra abestuta. Madrildarrek euskal musikagileen eliz-musikako eta folkloreko lanak aukeratu dituzte bere emanaldirako. Eva Ugalde, Aita Madina, Junkal Guerrero edota Jesus Guridiren obrak entzun ahal izango dira, besteak beste. Amaitzeko, bi taldeek Josu Elberdinen bi doinu hautatu dituzte elkarrekin abesteko, Izar ederrak eta Segalariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!