Musika saioekin hasi eta Gau Beltzarekin amaituko da Astigarragako urriko agenda

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 7a, 00:00

Gau Beltza ospatzen amaituko dute hilabetea astigartarrek.

Hiru ekitaldi nagusi izango ditu Astigarragako kultur agendak: 'genero ezberdintasunaren eragina ingurune birtualetan' jardunaldiak, Gazte Asanbladaren XXX. Urteurren ospakizuna eta Gau Beltza. Dena den, ohiko jarduerek ere izango dute tartea.

Eskaintzaz gainezka iritsi da Astigarragako urriko kultur agenda. Ekitaldi eta ikuskizun ugari izan dira hilabeteko lehenengo astean, eta halaxe izango da datozen egunetan ere. Mota guztietako emanaldiak, ikuskizunak eta jarduerak antolatu dituzte udalaren eta eragileen artean, eta adin ezberdinetako astigartarrek parte hartu ahal izango dute horietan. 

Musika izango da, esaterako, gaur arratsaldeko protagonista. I. Ahober abesbatza zikloko bigarren kontzertua eskainiko dute Voces Graves de Madrid eta Eragiyok abesbatzek. Astigarragako taldeak egingo du sarrera, eta Madrilgo abesbatzak Eva Ugalderen, Aita Madinaren, Junkal Guerreroren eta Josu Elberdinen lanak abestuko dituzte. Alabaina, gaurkoa ez da abesbatzekin lotutako jarduera bakarra izango. Urriaren 21ean Bartzelonako Coral Escrinyk abesbatzak Astigarragako Aiztondo abesbatzarekin batera eskainiko du kontzertua. Ikuskizuna guztiz doakoa izango da. 

Hiru jarduera nabarmentzen dira urriko agendan

Jardueren artean hiru nabarmentzen dira hilabete honetako kultur agendan. Lehenengoa urriaren 20 eta 21ean izango da, 'Genero ezberdintasunaren eragina ingurune birtualetan' gaiari buruzko jardunaldiekin. Bost hitzaldi eskainiko dituzte Erriberan, informatikaren eta generoaren arteko loturei buruz. Ondorengo emakumeak izango dira hizlariak: Marta Macho-Satdler, Nuria Varela, Carolina González, Laura Mañas eta María López. 

Bigarren ekitaldi esanguratsua ere urriaren 21ean izango da. Astigarragako Gazte Asanbladaren XXX. Urteurren ospakizuna egingo dute, egun osoko egitarauarekin. Horma irudiak margotzen hasiko dute eguna; ondoren, 'gazteen eta ez hain gazteen' arteko kirol probak egingo dituzte. Saio horiek amaituta, kalejiran joango dira Txomiñenera, eta bertan egingo dute Herri Bazkaria. Giroa berotzen denean, Karaoke eta Playback frogekin borobilduko dute eguna, eta Distopia Elektrotxaranga arduratuko da bazkalostea girotzeaz. 

Azkenik, hilabete amaieran iritsiko da azken jarduera potoloa. Gau Beltza ospatzen agurtuko dute urria astigartarrek, eta jarduera ugari antolatu dituzte ospakizuna egiteko. Urriaren 28an jaiari buruzko informazioa jasotzeko aukera izango dute herritarrek, eta urriaren 31 izango da egun nagusia. Makilatzeko tailerra, hilerrirako kalejira eta mokadutxoa antolatu dituzte, besteak beste. 

Literaturak, antzerkiak eta zinemak ere badute tartea

Ohiko jarduerek ere izango dute lekua urriko kultur eskaintzan. Literaturaren kasuan, Iban Zalduaren 'Ipuina engainua da' izango da hilabeteko protagonista. Hilaren 17an lan hori izango dute hizpide Isabel Etxeberriak zuzendutako Irakurketa Klubean. Urriaren 27an, berriz, Zalduak berak eta Miren Narbaizak irakurraldi musikatua eskainiko dute, Erribera kulturgunean. 

Antzerkiari dagokionez, Vaiven Teatro taldearen 'Sarekada' antzezlanaz gozatzeko aukera izango da. Datorren larunbatean eskainiko dute saioa Nere Gorritik, Inazio Tolosak, Ainhoa Aierbek eta Xanti Korkostegiak. 

Amaitzeko, bi zinema saio eskainiko dituzte urrian. Lehenengoa urriaren 22an izango da; haurrentzat 'Abentura erraldoia' pelikula proiektatuko dute, eta helduentzat 'El sol del futuro' filma.

 

URRIKO KULTUR AGENDA

ASTIGARRAGA

GAUR

19:00 I. Ahober abesbatza zikloa. Voces Graves de Madrid & Eragiyok. Erriberan. 

URRIAK 14

20:00 Sarekada antzezlana, Vaiven Teatro taldearen 
eskutik. Erriberan. 

URRIAK 15

17:00 Anbotoko Mari haurrei zuzendutako antzezlan multimedia. Erriberan.

URRIAK 17

19:30 Ipuina engainua da liburua hizpide, Irakurketa Klubean. Isabel Etxeberriak zuzenduko du saioa. Erriberan. 

URRIAK 19

17:00 Barruko ipuin kuttunak ipuin kontaketa haurrentzat, Lur Kortaren eskutik. Liburutegian. 

URRIAK 20-21 

Genero ezberdintasunaren eragina ingurune birtualetan. Jardunaldiak Erribera kulturgunean.

U20. 18:30-20:30 Emakumeak informatika: genealogiatik arrakaletara. Marta Macho-Satdler.

U21. 10:00-11:00 Ziberfeminismoa, genero indarkeriaren aurkako laguntza sarea. Nuria Varela. 

U21. 11:00-12:00 Manosfera: aktibista feministen aurkako indarkeria sare sozialetan eta zibersegurtasuna. Carolina González Agirrezabal. 

U21. 12:30-13:30 Emakumeen aurkako indarkeriak sare sozialetan eta ligatzeko aplikazioetan. Laura Mañas Acero.

U21. 13:30-14:30 Indarkeria algoritmoak eta adimen artifiziala: aukerak eta desafioak indarkeria matxisten aurkako borrokan. María López Belloso. 

URRIAK 21

Gazte Asanbladaren XXX. 
Urteurrena

10:30 Horma irudia margotzea, Joseba Barandiaran plazan. 

11:00 Errelebo froga, Gobadarien parkean.

12:30 Herri kirol froga, Emakumeon plazan eta Joseba Barandiaran plazan. 

14:15 Kalejira, Joseba Barandiaran plazatik abiatuta.

14:30 Herri Bazkaria Txomiñenea pelotalekuan.

Ondoren, Karaoke eta Playback frogak.

18:30 Distopia elektrotxaranga.

URRIAK 21

19:00 Coral Escrinyk & Aiztondo abesbatza. Erriberan. 

URRIAK 22

16:30 Abentura erraldoia pelikula haurrentzat. Erriberan.

19:00 El sol del futuro pelikula. Erriberan.

URRIAK 27

19:00 Ipuina engainua da liburuaren irakurketa musikatua, Iban Zalduaren eta Miren Narbaizaren eskutik. Erriberan. 

19:30 Deblauki & Neo, Batu Musikari zikloaren baitan antolatutako kontzertua. Erriberan.

URRIAK 28

20:00 Hnuy Illa dantza ikuskizuna. Erriberan. 

URRIAK 29

16:30 Mavka pelikula haurrentzat. Erriberan.

19:00 Misterio en Venecia pelikula. Erriberan. 

URRIAK 30

19:30 Escuela de escritura liburua hizpide, Literatur solasaldian. Juankar Landak zuzendutako saioa. Erriberan.

URRIAK 28-31

Gau beltza

U28 17:00 Gau beltzean nola jantzi? Informazioa eta tailerra. Erriberan.

U31 17:30 Makilatzeko tailerra eta Photocalla. Foru plazan.

U31 19:00 Hilerrirako bidea. Foru plazatik abiatuta.

U31 19:30 Gau Beltza kalejira.

Bukaeran, Beldurren Erretzea, koplak abestu eta mokadutxoa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!