«EH Bilduk bakarrik onartutako zerga igoeraren kontra» azaldu da EAJ

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 3a, 00:00

EAJko zinegotziak, 2024ko ordenantza fiskalaren kontrako botoa ematen, iraileko Plenoan.

Astigarragako jeltzaleek diote, EH Bilduk ez duela «zergen igoeraren arrazoia behar bezala justifikatu, dirua biltzeko helburuaz haratago».

Ikasturteko lehenengo Plenoa egin zuen Astigarragako Udalak, aurreko asteartean; eta 2024ko ordenantza fiskala izan zen eztabaidagai nagusia. Hasierako onarpena eman zioten, EH Bilduren aldeko botoekin, eta EAJren eta PSE-EEren kontrakoekin. Horren harira, sozialistek egin bezala, prentsa oharra zabaldu du EAJk ere: «Udal gobernuan dagoen ezkerraren koalizioak igoera nabarmena aurkeztu du. Argudiatu du Udalak erosteko ahalmena galdu duela, eta horregatik, ezinbestekoa dela diru-bilketa KPIaren gainetik igotzea. Udal talde jeltzaletik, uste dugu igoera horrek Astigarragako familiei eragingo diela batez ere; besteak beste, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ edo IBI) %7 igo nahi delako», dio EAJk.

Zentzu horretan, Maria Otaegik, EAJren bozeramaileak, uste du «aukera galdu» dela Etxebizitzaren Euskal Legea aplikatzeko, «zerga haunditu beharrean». Adierazi duenez, EH Bilduk proposatutako igoerak «eragin negatiboa» izango du «Astigarragako familia gehienengan, egungo testuinguru ekonomikoan». Horregatik, EAJk uste du gobernu taldeak «hobeto kudeatu» behar dituela udal baliabideak, eta ez dagoela «justifikatuta EH Bilduk bakarrik babesten duen %3,5eko zerga igoera onartu izana».

Otaegik berak adierazi du, bestalde, «oposizioaren lana» dela EH Bilduren «kudeaketa kontrolatzea eta fiskalizatzea; are gehiago, gobernu koalizioak egun duen gehiengoa kontutan hartuta».

Horren harira, jeltzaleak salatu du gobernu taldeak ez duela «interes haundirik, batzordeen deialdiak adosteko, deialdiak bidaltzeko eta dagokien dokumentazioa helarazteko orduan. Helburua bada oposizioak parte hartzea eta beharrezko informazio guztia izatea, zinegotzien lan-ordutegian batzordeak deitzea ez dirudi seinale ona denik», adierazi du Otaegik. Eta horren adibide gisa aipatu du jeltzaleen bozeramaileak, hain juxtu, 2024ko ordenantza fiskalaren kasua: «Ez zait serioa iruditzen zerga eta tasetarako planteatutako igoerak aztertzeko dokumentazioa, ogasun batzordearen aurretik ez bidali izana».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!