Ostiraletik aurrera eskuragarri, Astigarragako deskontu-bonoak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 3a, 00:00

Herriko hainbat merkatari, aurreko kanpaina baten aurkezpenean.

Gazteei bideratutako bono bereziak erosi ahal izango dira egun horretatik aurrera; bono orokorrak, urriaren 20an jarriko dituzte salgai.

Seigarrenez jarriko du martxan Astiko elkarteak, Astigarragako Udalarekin batera, herrian kontsumitzera bideratutako deskontu-bonoen kanpaina. Berrikuntza garrantzitsu bat izango du aurtengo kanpainak, Astikok iragarri duenez: bono bereziak izango dira 16 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, deskontu haundiagoarekin. Zehazki, %20eko deskontua izango dute bono orokorrek, eta aldiz, %30eko deskontua gazteei bideratutakoek. Horiekin, herriko gazteak bultzatu nahi dituzte bertako merkataritza ezagutu eta bertan kontsumitzera.

Hain juxtu, gazteentzako bono horiek jarriko dituzte salgai aurrena, eta ostiral honetatik aurrera eskuratu ahal izango dira, astiko.eus webgunean. Goizeko 08:00etan hasiko da salmenta. Bono orokorrak, berriz, urriaren 20tik aurrera izango dira eskuragarri, Astikoren webgunean bertan.

Azaroaren 30ean bukatuko da bonoak erosteko epea, lehenago agortu ez badira. Bono horiek herriko komertzioetan erabiltzeko epea, berriz, 2024ko otsailaren 29ra artekoa izango da.

Bonoak erabiltzeko aukera, herriko 30 establezimendutan

Deskontu-bono horiek, kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan erabili ahal izango dira; eta oraingoan, merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako 30 establezimendu inguruk hartuko dute parte.

Lau bono-mota izango dira aukeran, aurreko edizioetan bezalaxe: 10, 20, 50 eta 100 euroko bonoak. Kopuru horren %80a ordainduko dute herritarrek, bonoa eskuratzerakoan; 16-29 urteko gazteen kasuan, %70a. Dena den, bono-mota guztiak ez dira eskuragarri izango establezimendu guz­tietarako: establezimendu ba­koitzak erabaki du bono-mota ho­rietatik zein jarri eskuragarri, be­rean erabiltzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!