«Tasak eta zergak arrazoirik gabe igo dituzte», salatu du PSE-EEk

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 2a, 00:00

Astigarragako sozialistek azaldu dute ordenantza fiskalen %3,5eko igoera, «justifikazioarik gabeko igoera»  dela.

Pasa den asteartean, Astigarragako Udalean egin zen osoko bilkuran, EH Bilduk onartu zituen ordenantza fiskalen igoeraren (%3,5) aurka bozkatu zuen Astigarragako PSE-EEk. Sozialistek aitortu dute «justifikaziorik gabeko» igoera dela: «ez du batere laguntzen Astigarragako bizilagunen eta enpresen ekonomian».

Eta sozialisten bozeramaile den Patxi Suarezen esanetan, «Astigarragako Udalak egoera ekonomiko ona du, horrek ez du KPIaren gainetik igotzeko beharrik sortzen».

Era berean, PSE-EEk kritikatu du EH Bilduk gainerako taldeei ekarpenak egiteko «tarte txikia» eman diela, eta Suarezek ondorengoa adierazi du: «Nahiago nuen gure udalerriaren alde lan egiteko eta hobekuntzak lortzeko denbora gehiago izan bagenu, baina EH Bilduk 48 orduko tartea baino ez digu eman. Gure ustez, ordenantza fiskalen gaia bezain serioa den honetan, denbora gehiago izan beharko genukeen, baita dokumentazioa eduki ere. Hobari fiskalak baloratzen ditugu, baina ez dira nahikoak, eta horregatik hain zuzen, denbora faltagatik, ezin ditugu gure proposamenak ekarri izan, herritarren bizi-kalitatea hobetuko zituzketenak».

«Nahiago genuen, EH Bilduk proposatzen duen etxebizitzen OHZn errekargua ezartzearen ordez, Etxebizitzaren Euskal Legea aplikatu izan balitz, alokairuaren merkatua mugiarazteko eta diru-sarrerak udalerrian bertan etxebizitza-politiketara bideratzeko», gaineratu du sozialisten bozeramaileak. 

Beraz, Astigarragako PSE-EEren ustez, EH Bilduk «Lege hori aplikatu behar zuen, hutsik dauden etxebizitzei OHZn errekargua ezartzeko bidea jarraitu beharrean». Eta Suarezek, gainera, honako hau gogorarazi du: «izaera aurrerakoi nabarmena duen legea da, PSE-EEk gidatua, eta EH Bilduren babesa ere jaso duena; horregatik, ez dugu ulertzen hura ez aplikatzea eta horrekin ez gatoz bat».

Sozialistek diote, tasek eta zergek sistema «bidezkoagoa eta progresiboagoa» eratu behar dutela: «non gehien dutenek ekarpen haundiagoa egingo duten eta biztanleria-sektore ahulenen errentarik txikienak babestuko diren. Herritar guztiei karga fiskala handitu beharrean, ordenantza fiskalak aberastasunaren banaketa ekitatiborako tresna bihurtzearen alde gaude». 

Amaitzeko, PSE-EEk zerga fiskalen igoeraren aurka bozkatu zutela gogorarazi dute: «Ordenantza fiskal berri horiek beharrezkoa ez den ahalegin handiagoa eskatzen diete herritarrei, udalaren egoera ekonomikoak horren beharrik ez duenean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!