Tasetan eta zergetan %3,5eko igoera orokorra aplikatuko du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 30a, 00:00

EH Bilduren botoekin eman zioten hasierako onarpena, 2024ko ordenantza fiskalari.

Hasierako onarpena eman zioten 2024ko ordenantza fiskalari, EH Bilduren botoekin; kontra azaldu ziren EAJ-PNV eta PSE-EE.

Asteartean egin zuen ikasturte berriko aurreneko Plenoa, Astigarragako Udalak. Bi gai zeuzkaten lantzeko, eta 2024ko ordenantza fiskalaren hasierako onarpenak piztu zuen eztabaida. EH Bilduren botoekin onartu zuten, eta kontra agertu ziren EAJ-PNV eta PSE-EE.

Tasetan eta zergetan %3,5eko igoera orokorra proposatu du udal gobernuak; KPIa gehi %1, gutxi gorabehera. Aldiz, kasu batzuetan %7ko igoera proposatu du; «eskualdeko beste udalekin alderatuta nabarmen beherago dauden zerga eta tasa batzuetan», hain juxtu. Era berean, igoerak izango dira hobari sisteman ere: %10 igoko da hobariak eskuratzeko izan daitekeen gehienezko errenta, «herritar eta familia gehiagok hobari sistemari heldu ahal izateko». Hobariak eta laguntzak emateko, errentaz gain ondasunak kontuan hartzeko aukera ere planteatu da.

Hiru arrazoi nagusi eman zituen Xabier Urdangarin alkateak, tasen eta zergen igoera azaltzeko: «Batetik, azkeneko lau urteetan %18,3 igo da EAEko KPIa, eta aldiz, %3,5ekoa izan da udal zergen igoera. Pandemiak eta energia krisiak eraginda, tasak eta zergak izoztu edo KPIaren azpitik igo ziren. Ondorioz, %15 inguru jaitsi da Udalaren erosteko ahalmena. Bestetik, Astigarragako familien errenta erabilgarria hartu dugu kontuan, eta eskualdeko herrietako familien batazbesteko errenta erabilgarririk altuena du Astigarragak, EAEko eta Gipuzkoako batazbestekoaren gainetik. Eta azkenik, udal zerga eta tasen presio fiskala zein den aztertu da, eta eskualdeko udalen batazbestekoaren azpitik dago Astigarraga; kasu askotan, bi edo hiru bajuenetan kokatzen da».

Proposamenaren kontra agertu ziren oposizioko bi alderdiak. EAJ-PNVko Maria Otaegik honakoa azaldu zuen: «Diozue %15 jaitsi dela Udalaren eros ahalmena, baina begibistakoa da herritarren eros ahalmena ere murriztu egin dela. Horregatik, ez gaude presio fiskala haunditzearen alde». PSE-EEko Patxi Suarezek, berriz, adierazi zuen «KPIaren araberako igoera» aplikatzea zela bere proposamena, eta kasu batzuetan aplikatuko den %7koa «gehiegizkoa» dela.

Proposamen horri hasierako onarpena emanda, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain pronto zabalduko da alegazioak aurkezteko epea.

Bestalde, Plenoan bertan azaldu zuten 2030erako Plan Estrategikoa osatzen hasiko dela Udala. Lau plan bilduko ditu bere baitan, eta partaidetza prozesuen bitartez landuko dituzte: berdintasun plana, irisgarritasun plana, euskeraren plan estrategikoa, eta tokiko garapen jasangarrirako plana. Azkeneko horren aurrerapen bat egin zuten Plenoan, eta datorren astean aurkeztuko dute prozesua.

Plenoaren aurretik, Tokiko Go­bernu Batzordearen bilera ere egin zuten, eta besteak beste, onartu zituzten garapenerako lan­kidetza programaren dirulaguntzak zenbait elkarterentzat: Ingenieria para la cooperación (5.000 eu­ro), Chiapas (10.000 eu­ro), Amap-Asoc. Mundial (9.998,38 euro), Activos por un Mundo Solidario (10.000 euro), Ulls del Mon/Munduko Begiak (4.750 euro), Fundación Bonal (5.000 euro), eta Euskal Fondoa (7.745,75 euro).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!