Emakume erreferenteak bilatzeko ikerketaren aurkezpen saioa, gaur

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 27a, 00:00

Eider Ugarte Rodriguez eta Andrea Loinaz Maizcurrena

Astigarragako emakume erreferenteen inguruko proposamenak jasotzeko inkesta zabaldu dute, eta urriaren 27ra arte erantzun ahal izango dute herritarrek.

Gaur egingo dute 'Astigarragako emakume erreferenteen bila (1940-2000)' ikerketaren aurkezpena, 18:00etan hasita, Emakumeon Etxean. Eider Ugarte Rodriguez eta Andrea Loinaz Maizcurrena bekadunak izango dira hizlariak. Bekaren helburua da 1940 eta 2000garren urte bitartean Astigarragari ekarpen esanguratsua eign dioten emakume erreferenteen bilduma osatzea. Eta horretarako, Astigarragan epealdi horretan (1940-2000) eta hainbat arlotan ekarpenak egin dituzten emakumeen bila dabiltza, hala nola, merkataritzan, politikan, kulturan, kirolean, musikan, bizitza publikoan, hezkuntzan...

Beraz, gaur arratsaldeko saioan, bi bekadunek, ikerketaren metodologia azaldu ondoren, bi gogoeta eragingo dituzte; batetik, erreferente izatea zer den; eta bestetik, Astigarragan nor izan daitekeen emakume erreferentea. Gainera, saiora bertaratzen direnen artean herriko emakume erreferenteen zerrenda sortzeari ekingo diote. 

 

'Denok dugu zeresana' inkesta

Edozein herritarrek buruan duen emakume hori proposa dezake inkesta bidez eta bertan nahi adina emakumeen izen-abizenak zehaztu daitezke, zer alorretan eta egin duten ekarpena adieraziz. «Erraz eta azkar» bete daiteke eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu nork bere aletxoa jartzera. Inkesta digitalean udal webgunean edo paperean Emakumeon Etxean eta Erribera Kulturguneko harreran jarritako buzoietan erantzun ahal izango dute herritarrek urriaren 27ra arte. Astigartar guztien laguntza baliagarria izango da itzalean dauden emakumeak argitara ateratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!