Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak, Kirol Zuzendaritzaren bitartez, emakumea eta kirola programaren baitan, 'Emakumeok Mugimenduan' egitasmoa jarri zuen abian 2021ean. Ekimen honen oinarrian dago EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikerlariek egindako azterketa, 18 eta 64 urte arteko emakumeen aisialdiko jarduera fisikoa eta kirol ohiturak neurtu zituena; izan ere, emaitza esanguratsuak eskaini zituen azterketak: «Gipuzkoako ia 4.000 emakumeri egindako galdeketaren arabera, 3 emakumetik 1 ez da aktiboa, astean 120 minutu baino gutxiagoz egiten baitu kirola (Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioaren azpitik). Gainera, inaktibotzat dute beren burua, eta hori sinesten dute».
Errealitate horren aurrean, Gipuzkoako emakumeak ahalduntzeko ekimena jarri zuen martxan Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak: 'Emakumeok Mugimenduan'. Egitasmoaren helburua da, emakume orok mugimenduarekin bat egitea: «mugimendua adierarik zabalenean ulertuta», alegia, oinarritik eliteraino; eta aktibotasun hori bistaratzeko eta laguntzeko dinamikak, proiektuak eta ekimenak biltzen dituen programa garatu dute.
Txita ibiltariak geldialdia, bihar, Astigarragan
Programa honen baitan, eguneroko jarraipena egiteko eta emakumeen aktibotasuna sustatzeko APPa aurkeztu du Aldundiak, 'Emakumeok mugimenduan' izenekoa. Aplikazioa ezagutarazteko, Txita ibiltaria Gipuzkoan barrena ibiliko da irailetik azarora bitartean, eta bihar, Astigarragan egingo du geldialdia; segidan Usurbilera joko du Goierrira abiatu aurretik. Bi dinamizatzailek lagunduta, Astigarragan ibiliko da Txita, goizeko 10:30etatik 13:30etara eta arratsaldeko 15:30etatik 18:30etara bitartean.