Bihar egingo duzue ikerketaren aurkezpen saioa. Zein da bileraren helburua?
Helburu asko ditu biharko saioak. Hasteko, herritarrei azaldu nahi diegu zeintzuk diren ikerketa hau egiteko dauden beharrak. Horrekin batera, gure helburuei buruzko xehetasunak emango ditugu, prozedura eta metodologia barne. Ikerketa parte hartzailea izatea nahi dugu, eta, azalpenak eman ondoren, dinamika bat proposatuko diegu buruan dituzten Astigarragako emakume erreferenteei buruz hitz egiteko. Garrantzitsua da guretzat ikerketa egiteko informazioa herritik ateratzea, horregatik izango da baliagarria biharko saioa. Azkenean, sortzen dugun emaitza herritarrena dela sentitzea da nahia, herritarrengandik ateratako bilduma izatea.
Emakumeon Etxera joan ezin dutenentzat inkestak ere jarri dituzue martxan. Zer moduz doaz?
Paperezko inkestetan jaso ditugu erantzun batzuk, eta webgunekoa ere martxa jartzen ari da. Biharko saioan inkestan egin ditugun galdera antzekoak izango dira, baina taldean erantzuteko aukera izango dute herritarrek.
Informazioa bildu ondoren, zein izango da ikerketaren prozedura?
Asmoa da izen guztiak biltzea eta arloka sailkatzea; ekonomia, kultura, kirola... zehazteko arlo horietan zer ekarpen egin duen emakume bakoitzak. Ondoren, gustatuko litzaiguke emakume erreferenteak banan bana edo taldean elkarrizketatzea, edo haien inguruarekin hitz egitea. Informazio guztia biltzen eta sailkatzen dugunean, bakoitzaren biografia txiki bat sortuko dugu.
Hala ere, ez da soilik biografia bilduma izango, ezta?
Hori da. Haien bizipenak biltzeaz gain, haien bizipenak emakume izatetik azaldu nahi ditugu. Zerk markatu dituen eta zerk ez jakiteko. Emakume begirada jarri nahi diogu bildumari.
Nondik dator ikerketa hau egiteko ideia?
Bekaren deialdia ikusitako momentuan proposamen bat egin behar genuela pentsatu genuen. Astigarragako Udalaren web orrialdean badago atal bat herriko pertsona garrantzitsuen datuak jasotzen dituena. Kontxa Etxeberria da bertan agertzen den emakume bakarra, Astigarragan egindako ekarpenagatik oso ezaguna delako, baina gainontzeko guztiak gizonezkoak dira. Gainera, gehienek dituzte eskulturak, plazak edo beste mota bateko errokonozimendua. Emakume erreferenteek ez dute halako errekonozimendurik, horregatik erabaki genuen haiei ikusgarritasuna ematea.
Zer da zuentzat emakume erreferentea izatea? Zer bilatzen duzue?
Guk gure definizioa sortu dugu, baina biharko saioan jendearekin borobiltzea da asmoa. Ospe edo errekonozimendu haundia duten pertsonetatik harago, egunerokotasunean eta ekintza txikien bidez ingurua eraldatzen duten emakumeak bilatzen ditugu. Erreferente izan dena bere etxean, bere inguru txikian, eta egindako lana ezinbestekoa izan dena gizarteko zerbait aldatzeko. Irakasleak, modistak, merkatuko saltzaileak... Adibide asko daude. Funtsean, garrantzia eman nahi diogu bakoitzak izan duen rolari.
Nolakoa da irudikatzen duzuen emaitza?
Ez dakigu zein izango den azken formatua, baina arloka sailkatutako bilduma bat irudikatzen dugu. Testuinguru historikoa jarriko diogu garai bakoitzari, eta emakume bakoitzak bere ataltxoa izango du; izen abizenak, adina, zein den edo izan den...
Horrez gain, bi denbora tarte bereiziko ditugu. 1940an hasiko gara ikertzen, 1975 arte. Horiek atal batean joango dira, eta 1975etik 2000ra beste atal bat sortuko dugu. Pentsatzen dugu sailkapen txukun bat egiteko modu egokia dela, gure ustez ez duelako zentzurik 1940ko emakume baten jarduna 1990eko batenarekin nahasteak, testuinguruak asko baldintzatzen duelako guztia. Hori da hasierako ikuspegia, baina auskalo nora eramaten gaituen ikerketak.
Zer ekarpen egingo dio bildumak Astigarragari?
Ondare bat utziko du. Hasteko, errekonozimendua izango dute herriko zenbait emakumek. Historialari desberdinek feminismoaren mugimendutik aspaldi ikusitako gabezietako bat da, eta hori betetzen hastea da lehenengo ekarpena. Gainera, iruditzen zaigu polita dela herritarrek sentitzea ikerketaren parte izan direla, elkarlanean sortutako ondarea dela.
Behin bilduma sortzean, hezkuntza formalarentzat eta ez formalarentzat lanabes egokia izan daiteke; baita mahai inguruak edo bestelako jarduerak egiteko ere. Bilduma horretatik abiatuta jarduera ugari sortzeko aukera izango dela uste dugu, eta horregatik da garrantzitsua herritarren eskura egotea.
Zer esango zeniekete astigartarrei biharko saiora bertaratzeko?
Esango genieke ez pentsatzeko ez dutela aportatzeko ezer. Ziur ezagutzen dutela bizilagun bat, ama, izeba, ezagun bat... Norbait zerbait garrantzitsua egin duena. Agian bakarrik daudenean ez zaie inor etorriko burura, baina taldean beti sortzen dira ideia gehiago. Gu dinamizatzen arituko gara, eta hausnarketa ahalbidetuko dugu.
Horrez gain, norbaitek entzutera edo ikerketari buruzko informazioa jasotzera bakarrik etorri nahi badu, ongi etorria izango da. Ez dugu mundu guztiaren sekulako parte hartzerik behar. Guretzat dena da garrantzitsua, eta behar dugu herritarrek jakitea zer egiten ari garen eta zergatik.