Etzi egingo dute emakume erreferenteak bilatzeko ikerketaren aurkezpen saioa

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 25a, 00:00

Andrea Loinaz Maizcurrena eta Eider Ugarte Rodriguez ikerlariak.

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ikerketaren aurkezpen saioa, Emakumeon Etxean. 

'Astigarragako emakume erreferenteen bila (1940-2000)' ikerketaren aurkezpen saioa egingo dute etzi, 18:00etan, Emakumeon Etxean. Eider Ugarte Rodriguez eta Andrea Loinaz Maizcurrena bekadunak izango dira hizlariak. 

Astigarragako Udalak sustatutako beka honen helburua «herriari alor askotan ekarpena egin dioten emakumeak identifikatzea» da. Horixe da Ugartek eta Loinazek bilatzen dutena, ikerketaren muina emakume erreferenteen bilduma osatzea baita: «Horretarako, Astigarragan epealdi horretan (1940-2000) eta hainbat arlotan ekarpenak egin dituzten emakumeen bila dabiltza, hala nola: merkataritzan, politikan, kulturan, kirolean, musikan, bizitza publikoan, hezkuntzan...», azaldu dute udaletik. 

Ikerlariek ere zehaztuta daukate jarraitu nahi duten bidea, eta emaitza nola irudikatzen duten azaldu dute: «Biografia solteak idazteaz haratago, hainbat arlotan ekarpenak egin dituzten emakumeen bizipenak jaso nahi ditugu, emakume izateagatik edukitako zailtasunak bilduz, arlo sozial zein pribatuan, eta batez ere, foku feministatik emakumeen ikuspegia agerian jarriz».

Erreferente horien bilaketan, ikerlariek ezinbestekotzat jo dute herritarrekin elkarlanean aritzea. Horixe da etzi egingo duten aurkezpenaren zergatietako bat; izan ere, ikerketa garatzeko erabiliko duten metodologia azaltzeaz gain, bi gogoeta ere zabalduko dituzte: «Batetik, erreferente izatea zer den, eta bestetik, Astigarragan nor izan daitekeen emakume erreferente. Saiora bertaratzen direnen artean herriko emakume erreferenteen zerrenda sortzeari ekingo diote». 

Herritarrek proposamenak egiteko aukera dute jada

Aurkezpen saiora joan ezin duten herritarrek ere badute proposamenak egiteko aukera. Inkesta bat prestatu dute emakumeen izen abizenak eta lan alorra adierazteko, eta urriaren 27ra arte jasoko dituzte erantzunak. Inkesta digitala udal webgunean bete daiteke (https://labur.eus/szj6P), paperean bete nahi duenak, berriz, Emakumeon Etxean eta Erribera Kulturguneko harreran bete ahal izango du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!