Egindako saioarekin gustura geratu zen Pagola

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 24a, 00:00

Giro beroa sortu zuten bertsolariek Berrobiko gaztegunean.

70 lagun inguru elkartu ziren Berrobiko Gaztegunean, Pello Errota sariketako lehenengo kanporaketan.

Ostiral iluntzean jokatu zuten III. Pello Errota Bertsolari Sariketako lehenengo kanporaketa, Berrobiko gaztegunean. Afari eder baten ondoren, mahaiaren bueltan osatu zuten saioa bertsolariek, eta giro beroa sortu zuten. Eli Pagolak ordezkatu zuen Urumea bailara lehenengo saioan, eta kantukide izan zituen Aissa Intxausti, Iñaki Gurrutxaga, Haira Aizpurua, Unai Mendizabal eta Beñat Zeberio.

Saioa pixkanaka joan zen berotzen, eta, ariketak aurrera joan ahala, gaiei punta ateratzen asmatu zuten bertsolariek.

Gurrutxagak eta Mendizabalek lortu zuten finalerako txartela; baina egindako lanarekin gustura geratu zen Pagola: «Saio ona egin izanaren eta bertsotan iritsi nahi dudan tokietara gerturatzearen poza daukat».

Datorren ostiralean izango da bigarren kanporaketa, Ikaztegietako ostatuan. Bertan Eñaut Martikorenak abestuko du. Sarrerak salgai daude bertako ostatuan eta 670 207 814 zenbakian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!