Sagar zaporea izaten du udazkenak Astigarragan, eta zapore horretaz gozatzen saiatu ohi dira herritarrak urtero. Aurtengoa ez da izango salbuespena: herriko hainbat elkartek eta eragilek bat eginda, Sagar Uzta jaia antolatu dute, 'Udazken zaporez' lelopean; eta datozen egun eta asteotan ospatuko dute herrian.
«Hau da Astigarragaren urte osoko zikloan garai esanguratsua eta polita. Duela bi-hiru aste hasi ziren gure sagardogileak eta baserritarrak sagarrak biltzen, eta garai honetaz gozatu nahi dugu», nabarmendu zuten, ostegunean egin zuten aurkezpenean: «Horretarako, urteroko ekintzak izango ditugu aurten ere, eta biharkoa da egun nagusia; baina horrez gain, hainbat ikastaro eta tailer izango ditugu; ez bakarrik egun hauetan, baita urri osoan zehar ere. Bereziki familian gozatzeko dira politak horiek, umeekin etortzeko. Sagarrak bildu, txikitu, muztioa egin eta botila etxera eraman. Oso esperientzia atsegina eta polita izaten da, eta udazkeneko giroa gero eta udatiarragoa den honetan, gozatzeko modukoa da». Gainera, Sagardoetxean ez ezik, sagarra herriko komertzioetan eta tabernetan ere protagonista izatea nahi dute, urte garai honetan.
Sagar biltzetik topa herrikoira, festa giroa nagusi
Sagarraren Jaiak bilduko du jendetza bihar, goizean goizetik hasita. Sagardoetxeako sagastian ekingo diote 'lanari', familian: bertako sagarrak bilduko dituzte, eta ondoren, kalejiran eramango dituzte sagarrak Foru Plazara. Bertan burutuko dituzte gainerako lanak: sagarra jo, zanpatu, kirikoketa egin eta muztio berria lortu. Aurtengo uztaren lehenengo muztio horrekin egingo dute topa herrikoia, 13:00etan, sagar dantzak eta txalapartak girotuta. Tartean, sagarraren azoka ere izango da, inguruko baserritarren postuekin; eta baita erakustaldiak, trikitilariak eta sagardo zein muztio dastaketak ere.
Sagartxo tabernak, txapela
Sagarraren eratorriekin egindako pintxoen lehiaketa izan da aurtengo nobedadea, ostegunean egin zutena; eta herriko 15 tabernak hartu dute parte. Epaimahaiak hala erabakita, Sagartxo tabernak jantzi du estreinako txapela; Kupela izan da bigarren, eta Bukoi hirugarren.
XXIII. SAGAR UZTA JAIA
ASTIGARRAGA
GAUR, larunbata
09:30, Sagar-Bira: Santiomendiko Sagardo Bidean mendi buelta familian *
BIHAR, igandea
Sagarraren Jaia, Foru Plazan
09:30, Diana, Txirriskla txistulari taldearen eskutik
10:00, Sagar biltzea familiekin, Sagardoetxeako sagastian
11:00, Sagarrarekin kalejira, herriko kaleetatik Foru Plazara
11:30-13:00, XIV. Sagar Uzta Argazki Rally Digitalean
izenematea
11:30-14:00, Sagarraren azoka:
-Sagardo erakusketa eta
dastaketa
-Txertaketa eta abarren
erakustaldiak
-Herriko baserritarren produktuen salmenta
-Trikitilariak herrian zehar
11:30, Sagardogintzako lanak baserri-dolarean: sagar biltzea, jotzea eta zanpatzea bertako familien laguntzarekin *
12:30, Sagar dantza eta
kirikoketa
11:30, Txalaparta eta 2023ko uztako lehen muztioarekin
topa herrikoia
11:30, Herri bazkaria
11:30, Afizionatuen pelota partidua, Txomiñenen
IRAILAK 28, osteguna
18:00-20:00, 'Sagardoa nola dastatu' ikastaroa enologoekin, Sagardoetxean *
IRAILAK 29, ostirala
18:00-20:00, 'Bio-materialak' ikastaroa, Sagardoetxean *
URRIAK 1, 7, 8, 14, 15, 21, 22, 28, 29, 30 eta 31
Sagar muztio elaborazio tailerrak familian, Sagardoetxean. Larunbatetan, 11:00, 12:00, 13:00, 17:00 eta 18:00. Igandeetan, 11:00, 12:00 eta 13:00. *
*Izenemateak: 943 55 05 75, info@sagardoetxea.eus edo sagardoetxea.eus