Asteklimaz gozatzeko aukera astigartarrek, bi ikastarorekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 22a, 00:00

Sagardoetxea Museoak Asteklimaren egitarauaren baitan bi tailer eskainiko ditu; gaur izango da aurrenekoa, eta datorren ostiralean bigarrena. 

Gaurtik urriaren 1era, Euskadik Asteklimaren laugarren edizioa biziko du, eta astigartarrek ere izango dute ekimenaz gozatzeko aukera, Sagardoetxea Museoak antolatu dituen sagarrari buruzko bi ikastaroei esker. Aurrenekoa izango da 'Fermentazioa, bizioa!', eta bigarrena, aldiz, 'Biomaterialak'. 

Asteklima Euskadiko Klima­ren eta Energiaren astea da, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bitartez bultzatutako ekimena da. Asteklimaren helburua da herritarrak beharrezko trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea; eta aurten, Astigarragak bat egingo du ekimenarekin. 

Gaur eskainiko dute aurreneko ikastaroa, arrratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, Sagardo­etxea Museoan. 'Fermentazioa, bizioa' izeneko ikastaro honetan, edari frexkagarriak egingo dituzte. Horretarako, oinarri gisa, ura edo muztioa hartuko dira, eta sasoiko sendabelarrak, loreak edota beste oinarri biologikoak erantsiko zaizkie. Bizioko Maore Ruiz Lizundiak gidatuko du tailerra eta doakoa izango da.

Bigarren ikastaroa, berriz, da­torren ostiralean eskainiko du­te, arratsaldeko 18:00ak eta 20:00ak bitartean. Ikastaro honetan, elikagaien hondakin organikoak erabilita, bio-plastiko, bio-larru eta bio-zeramika sortzeko prozesua ezagutuko dute bertaratzen direnek. Ondoren, sagar pasta oinarri hartuta, bio-plastikoa sortzeko errezeta bat ere prestatuko dute. Ikastaro hau, Kimuriko Mirari Errondosorok eskainiko du, eta doakoa da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!