Kafe tertulia gaur eta urteurren ospakizuna etzi, Emakumeon Etxean

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 21a, 00:00

Kafe baten bueltan, hausnarketarako tartea izango dute gaurkoan.

Arratsaldeko 17:30etan hasiko da kafe tertulia, eta tratu txarrez jabetzeari buruz ariko dira, Irene Garcíaren audioa abiapuntu hartuta.

Ikasturte berria hasi, eta jarduera ugari antolatu ditu Emakumeon Etxeak, irailerako eta urrirako. Gaur arratsaldean izango da horietako bat, kafe tertulia. 17:30etan hasiko da saioa: 'Hau ez da normala, tratu txarrez jabetzea'. Irene Garcíaren audioa entzungo dute, eta horretatik abiatuta, gaiaren inguruan hausnartuko dute. 

Saioa gaztelaniaz izango da, eta jende kopurua aurreikusteko aldez aurretik izena ematea eskatu bazuten ere, interesa duena bertaratu daiteke oraindik. Doakoa eta irekia da.

Urteurren ospakizuna, etzi

Dagoeneko bi urte igaro dira Astigarragako Emakumeon Etxea ireki zutenetik, eta horregatik, larunbatean ospatuko dute bere bigarren urteurrena. Eguerdiko 12:00etan hasiko dira urteurrena ospatzen, tribial feministarekin; eta eguerdiko 14:30etan, denek elkarrekin bazkalduko dute. Bazkariak 20 euroko prezioa du, baina nahi duenak, bere bazkaria etxetik eramateko aukera ere badauka. 

Kantuan ariko dira bazkalostean, Karaoke saioa prestatu baitute. Eta partehartzaile guztien gozamenerako saioa izateko, antolatzaileek abestien proposamenak bidaltzea eskatu dute, honako bideak erabilita: 648 417 157 telefonoa, eta emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbide elektronikoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!