Europako Txapelketaren erlojupeko proban gaur, Xabier Mikel Azparren

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 20a, 10:54

Arratsaldeko 16:24etan abiatuko da astigartarra, Drenthen (Herbehereak). Bera izango da Espainiako selekzioaren ordezkari bakarra, gizonezkoen eliteko proban.

Gaurtik igandera jokatuko dira errepideko txirrindularitzaren Europako Txapelketak, Herbehereetako Drenthe probintzian. Horietan ariko dira Xabier Mikel eta Enekoitz Azparren astigartarrak: gizonezkoen elite mailako bi probetan ariko da anaia zaharrena, eta 23 urtez azpikoen iraupen proban gazteena.

Gaur izango du aurrenekoa Xabier Mikel Azparrenek, erlojupeko proba, arratsaldeko 16:15etan hasiko dena. Abiatzen aurrenekoetakoa izango da astigartarra, 16:24etan. 32 partehartzaile dira guztira, eta Azparren da Espainiako selekzioaren ordezkari bakarra.

Iraupen proba, berriz, igandean jokatuko du Xabier Mikel Azparrenek, eguerdiko 12:15etan hasita. 200 kilometroko lasterketa izango da, Assen hiritik abiatuta. Aurrena, 115 kilometro egingo dituzte Drijber herrira iritsi arte, eta bertan, sei itzuli emango dizkiote 13,7 kilometroko zirkuituari, Vam mendate laburra igota. Astigartarrak honakoak izango ditu taldekide: Iván García Cortina, David González, Fernando Barceló, Imanol Erviti, Jon Barrenetxea, Victor De La Parte eta Jesús Ezquerra.

Enekoitz Azparrenek, bere aldetik, ostiralean izango du 23 urtez azpikoen iraupen proba, goizeko 09:30etan hasita. 135 kilometroko ibilbidea izango dute, Hoogeven hirian hasita: 64,6 kilometro Drijber herrira iritsi arte, eta ondoren, bost itzuli 13,7 kilometroko zirkuituari. Raúl García Pierna, Iván Romeo, Igor Arrieta, Diego Ugarte eta Javier Serrano izango ditu taldekide, astigartarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!