Kontzentrazioa antolatu du ELAk Cotronic enpresarekin lotutako lan istripuak salatzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 20a, 00:00

Aurreko urtean greban izan ziren Cotronic enpresako langileak.

Astigarragan dagoen enpresako langile bat altuera batetik erori zen aurreko astean. Arratsaldeko 18:30etan izango da kontzentrazioa, Donostian.

ELA sindikatuak deituta, kontzentrazioa egingo dute gaur, arratsaldeko 18:30etan, Donostiako Telefonicako egoitzaren aurrean. Elkarretaratzearekin azken asteetan Astigarragan dagoen Cotronic enpresarekin lotutako bi lan istripu salatu nahi dituzte; bata Cotronicek azpikontratatutako Confetel enpresako langile baten istripua, eta, bestea, pasa den ostiralean altueratik erori zen langile batena. Sindikatutik azaldu dute «erietxera oso larri eraman behar izan zutela». Telefonicak azpikontratatutako enpresa bat da Cotronic, horregatik deitu dute kontzentrazioa Donostiako egoitzan. 

Sindikatutik kritiko agertu dira enpresaren jardunarekin, eta azpimarratu dute «ez direla ausazko gertakariak»: «Prekarietatea dago horren atzean: lan karga haundiak dituzte eta presio haundia izaten dute lanak ahalik eta azkarren ixteko. Egoera jasanezina bihurtzen du horrek; Cotroniceko langileek 2022an euren eskubideen defentsan aurrera eraman zuten greba da horren erakusle, besteak beste».  Gainera, administrazioaren gain ere jarri dute lan istripu kopurua haunditzearen ardura: «Onura ekonomikoak lehenesten dira. Horrek eragin negatiboa du lan baldintzetan, eta, ondorioz, langileen osasun fisiko eta mentalean. 

Hori guztia salatzeko, 18:30etan jarri dute hitzordua sindikatuko kideek Telefonica enpresak Donostian duen egoitza nagusian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!