Brigadarako bi langile kontratatuko ditu Udalak, eta bihartik apuntatu daiteke

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 18a, 00:00

Bost hilabeteko kontratua izango da, lanaldi osoan; eta emakumeek izango dute lehentasuna. Lanbideren bitartez eman behar da izena.

Brigadako lan anitzetarako bi operario kontratatuko ditu Astigarragako Udalak, egun hauetan jakinarazi duenez. Bost hilabeterako kontratua izango da, lanaldi osoan, 2023ko abendutik 2024ko maiatzera bitartean.

Lanbidek kudeatuko ditu izenemateak, eta bihar irekiko dute apuntatzeko epea, urriaren 1era arte. Bi lanpostuen hautaketa prozesuan parte hartu nahi dutenek, beraz, lanbide.eus webguneko enplegu atalean eman beharko dute izena, edo Lanbideren bulegoetara jo. 

Deialdiak badu berezitasunik, emakumeek izango baitute lehentasuna. Izan ere, Astigarragako enplegu-prestakuntzarako proiektua da, Beterri-Buruntzako 2023ko enplegu planaren baitakoa; eta horren helburua da herriko langabeak, emakumeak bereziki, lan merkatuan txertatzea. Lanbideren Tokiko Enplegu Ekintzak programak diruz lagundutakoa da enplegu plana.

Pertsona langabetuei zuzenduta dago, eta Astigarragan bizi direnek izango dute lehentasuna (herrian erroldatuta egon behar dute). Lanbiden alta emanda egon beharko dute, lan eskatzaile gisa; eta ezingo dute izan enplegu planaren edo gazte enpleguko programaren onuradun 2022an.

Lanean hasi aurretik, prestakuntza Usurbilen

Hautatutako bi langileek, Astigarragako udal brigadan peoi gisa lan egiteko aukera izango dute bost hilabetez, lanaldi osoan. Baina horretarako, aurrena, prestakuntza teorikoa eta praktikoa jasoko dute Usurbilen, Gipuzkoako Eraikuntzako Lanbide Eskolaren eskutik. Behin prestakuntza hori burututa eta gaindituta, udal brigadan hasiko dira lanean.

150 orduko prestakuntza da jasoko dutena, teorikoa eta prak­tikoa barne hartuta. Urriaren 20an hasiko da hori, eta abenduaren 5era arte luzatuko da. Bertan landuko dituzten edukiak, honakoak izango dira, aurreratu dutenez: errepide, ezponda areka eta bazterbideen mantenua (42 ordu); saneamendu sareen mantenua (36 ordu); oinezkoen ibilbideen eta eremu publikoaren mantenua (36 ordu); eta hiri altzarien mantenua (36 ordu). Goizeko ordutegian izango dira prestakuntza saioak, 09:15etatik 14:15etara.

Deialdiari buruzko argibide gehiago jasotzeko, bi bide jarri ditu aukeran Udalak: 943 50 57 00 telefonora deitu daiteke, edo tokikogarapena@astigarraga.eus helbide elektronikora idatzi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!