Elkarretaratze jendetsua izan zen ostegunean Astigarragan, gertatutako eraso matxista salatzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 16a, 00:00

Adin guztietako herritarrak gerturatu ziren ostegunean, babesa ematera.

Emakumeon Etxetik, babesa erakutsi zioten erasotuari eta bere familiari; eta argi utzi zuten ondorengoa: «ez Astigarragan eta ez inon ez dugu erasorik onartuko».

Joan den ostiralean, Astigarragan eraso matxista bat izan zela salatu dute Emakumeon Etxeak eta Astigarragako Udalak; eta hori gaitzesteko, elkarretaratzea egin zuten ostegunean. Herritar ugari bertaratu  ziren, eta hitza hartu zutenek hasieratik utzi zuten argi oraindik asko dagoela egiteko: «lasai eta seguru bizitzeko, oraindik asko daukagu egiteko. Emakumeok egunero jasan behar izaten ditugu erasoak. Haurrak garenean eta baita helduak garenean ere. Familian, lagunartean, eskolan, lanean, kalean... Asko dugu egiteko gizarte feminista bat eraikitzeko». 

Horregatik, egungo sistema judiziala kritikatu zuten: «gure sistema, sistema patriarkalaren isla da. Zigor eta espetxe sisteman oinarritzen da eta honek ez du bermatzen gure babesa. Indarkeriaz tratatzen gaitu. Gure hitza zalantzan jartzen du salaketa jartzera goazenean ere. Ea seguru gauden erasoa jasan izanaz... Aurkezten ditugun frogak ez direla nahikoak... Publikoki bortxatuak izan behar dugu, jipoituak edo erailak, epaileak sinetsi gaitzan? Hau
onartezina da». 

Modu horretan, Emakumeon Etxeak eta Astigarragako Udalak egiturazko aldaketak behar dituztela azpimarratu dute: «baliabide publikoak eta prebentzio politikak behar ditugu. Erroetara jo eta haurren heziketan eragin, balio feministetan hezi ahal izateko. Erasoak salatu beharrean, hauek ekiditeko».

Amaitzeko, Emakumeon Etxetik, babesa erakutsi zieten erasotuari eta bere familiari zein gertukoei; eta horrenbestez, adierazi zuten ez dutela erasorik onartuko ez Astigarragan eta ez inon: «Libre eta beldurrik gabe bizi nahi dugu eta borrokan jarraituko dugu gure eskubideak errespetatzen direla ikusi arte. Aurrean izango gaituzue! Gora borroka feminista!». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!