«Azken astean egindako entrenamenduekin gustura geratu naiz, horrek asko animatu nau kanporaketarako»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 16a, 00:00

Ane Zapirain kanporaketako proba prestatzen.

Ane Zapirain da Euskadiko Txapelketako kanporaketan Urumea bailarak izango duen bigarren ordezkaria. Astigartarrak ez dio helburu zehatzik jarri bere buruari, eta plazako esperientzia hartzen joan nahi du. 

Iritsi da lehiatzeko eguna. Zer gorputzaldi daukazu? 

Tira, egia esan zalantzati iritsi naiz. Duela pare bat aste nekea sumatzen hasi nintzen, eta, proba batzuk egin ondoren, anemia puntu bat daukadala atera zait. Hasieran dexente izutu nintzen, uste nuelako ez nintzela iritsiko. Dena den, azken astean egindako entrenamenduekin gustura geratu naiz, eta horrek animatu nau. Urduri nago, baina ondo. 

Azken astean gustura aritu zarela diozu. Zein izan da entrenamendu plana? 

Euskadiko Txapelketari begira harria pixka bat baztertu dut, eta aizkora astean hirutan egiten aritu naiz. Azken astean hiru entrenamendu egin ditut, batzuk lasaixeagoak, gaurko probako zehaztasunak lantzeko. 

Zenbat denbora hartu dizu prestaketak?

Kanporaketa hau esango nuke duela bi hilabete edo jakinarazi zigutela. Beti zalantzarekin ibili naiz, nahiko hasiberria naiz, eta aizkora teknika asko eskatzen duen kirola da. Beldurra ematen zidan hasieran, baina esperientzia plazan hartzen dela badakit, eta inongo helbururik gabe bada ere, plazako jarduna lantzen joatea positiboa da esperientzia hartzeko. 

Horixe izan daiteke helburua, ezta? Esperientzia hartzen joatea.

Hori da, bai. Egia da plazara iritsi arte urduritasun haundirik ez dudala izaten, baina plazan bai. Oso urduri jartzen naiz, hori landu egin behar dut, eta plazara atera gabe ezin da landu. 

Gaur aizkolari haundiak izango dituzu aurkari. Zer moduz daramazu hori?

Motibatzen nau, baina beldur puntu bat ere ematen dit. Parte hartuko duten hirurekin entrenatu izan dut, eta beldur pixka bat ematen didate. Baina beno, nire helburua ahalik eta erosoen sentitzea da, eta lana ahal den txukunen egiten saiatuko naiz. Presio haundirik gabe. 

Aipatu duzu plazakoesperientzia beharrezkoa dela. Zer moduzkoa izan duzu udara?

Egia esan, ez nuen uste, baina erakustaldi dexente izan ditut. Emakumezkoentzat behintzat aukera haundia dago, ez gara asko, eta udara mugitu xamarra izan dut. Gustura aritu naiz. 

Zer da egindako plazetatik ikasi duzuna?

Uste dut lehenengo plazetan lasaiago nengoela oraingoetan baino. Ikasten zoazen heinean ikusten duzu oraindik bide luzea geratzen dela, zalantza gehiago sortzen zaizkizu, baina beno, egin beharra dago. 

Urtea bukatu bitartean erronka gehiago badituzu?

Printzipioz hauxe da denboraldi honetako azken erronka. Hala ere, gauzak asko aldatzen dira denbora gutxian. Hurrengo urtera begira bai gustatuko litzaidakela pentatloiko ariketak prestatzen hastea, baina lan haundia da hori; beraz, ikusiko dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!