Gaur aurkeztuko dute Gazte Asanbladako beteranoen eta gazteen arteko erronka

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 15a, 00:00

Gaur aurkeztuko dute beteranoen eta gazteen arteko erronka.

Urriaren 21erako antoltau dute beteranoen eta gazteen arteko erronka. Gaur, aldiz, aurkezpena izango da Emakumeon Plazan eta izena emateko aukera izango dute astigartarrek.

Aurten bete ditu 30 urte Astigarragako Gazte Asanbladak, eta hori ospatzeko, hainbat jarduera antolatu dituzte; tartean egun potoloa jarri dute urriaren 21erako. Gazte Asanbladan aurrez ibilitakoek, hau da, beteranoek, erronka bota zieten egungo gazteei; eta dagoeneko jarri dute hitzordua, egun osoko egitarauarekin batera.

Hori horrela, aurreratu dituzte urriaren 21eko zenbait kontu: bi taldetan ariko dira, 30 urtetik beherako gazteak batetik, eta 30 urtetik gorako «ez hain gazteak» bestetik, egun osoan zehar proba desberdinak egiten; eta bazkari herrikoia ere izango da. Baina horri buruzko xehetasun guztiak emateko, ekitaldia antolatu du Astigarragako Gazte Asanbladak, gaurko. 

Ekitaldia Emakumeon Plazan izango da, arratsaldeko 20:30etatik aurrera. Bertan, ogitartekoak izango dira afaltzeko, eta 22:30etan aurkeztuko dute urriaren 21eko erronka. Gainera, emanaldi berezi bat ere izango da ondoren: 2006ko gazte olinpiaden bideoa jarriko dute.

Gaurko ekitaldian, erronkaren probetan parte hartzeko zein bazkarirako izena emateko aukera ere eskainiko dute. Bazkari txartelak 20 euroan izango dira helduentzat, eta 10 euroan haurrentzat. Kamixetaren talla ere esan beharko da, erronka­ren egunean denak kamixeta berarekin ibiliko direlako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!