Elkarretaratzea egingo dute gaur Astigarragan, joan den ostiralean herrian gertatutako eraso matxista salatzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 14a, 00:00

Joseba Barandiaran plazan egingo dute elkarretaratzea, gaur arratsaldean, Emakumeon Etxeak deituta.

19:00etan jarri du zita Emakumeon Etxeak, erasoa salatzeko; eta deialdiarekin bat egin du Astigarragako Udalak, talde politiko guztiek onartutako adierazpenaren bitartez.

Joan den ostiralean, Astigarragan eraso matxista bat izan zela salatu dute Emakumeon Etxeak eta Astigarragako Udalak; eta hori gaitzesteko, elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean, 19:00etan Joseba Barandiaran plazan. Emakumeon Etxeak luzatu du deia, eta horrekin bat egin du Udalak, talde politiko guztiek aho batez onartutako adierazpenaren bitartez.

Adierazpen horretan, erasoaren aurrean bere «gaitzespen irmoena» azaldu du Udalak, eta «elkartasuna eta babesa» adierazi nahi izan die «erasoa jaso duen emakume astigartarrari eta haren senideei eta hurbilekoei».

Udalak gogorarazi du, eraso matxistek «emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat bakarrik» erakusten dutela; «izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desparekotasunean sortzen da. Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina».

Adierazpenak dioenez, ostiraleko gertakariak «berriro dakarkigu gogora lan haundia daukagula aurretik», erakundeen zein euskal gizarte osoaren aldetik, «gizarte parekide bat eraikitzeko». Zentzu horretan, Udalak dio «sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen» jarraitu behar dela udalerrietan, «genero berdintasun erreala gauzatzeko, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta; gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia».

Era berean, Udalak dio «lan haundia» dagoela, «eraso hauek kudeatzen dituen sistema judiziala aldatzeko. Izan ere, eraso matxistak jasan dituzten biktimak, askotan ez dira seguru sentitzen jasotako zerbitzuarekin edo hartutako erabakiekin».

Hori horrela, Emakumeon Etxeak deitutako kontzentrazioarekin bat egingo dute udal talde politiko guztiek, eta herritar guztiei luzatu diete gonbitea, elkarretaratzean parte hartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!