30 urte bete ditu Astigarragako Gazte Asanbladak aurten, eta hori ospatzeko ekintzen artean, egun potoloa jarri dute urriaren 21erako. Beteranoek, Gazte Asanbladan aurrez ibilitakoek, erronka bota zieten egungo gazteei; eta dagoeneko jarri dute hitzordua, egun osoko egitarauarekin batera.
Aurreratu dituzte urriaren 21eko zenbait kontu: bi taldetan ariko dira, 30 urtetik beherako gazteak batetik, eta 30 urtetik gorako «ez hain gazteak» bestetik, egun osoan zehar proba desberdinak egiten; eta bazkari herrikoia ere izango da. Baina horri buruzko xehetasun guztiak emateko, ekitaldia antolatu du Astigarragako Gazte Asanbladak, ostiral honetarako.
Emakumeon Plazan izango da hori, arratsaldeko 20:30etatik aurrera. Bertan, ogitartekoak izango dira afaltzeko, eta 22:30etan aurkeztuko dute urriaren 21eko erronka. Gainera, emanaldi berezi bat ere izango da ondoren: 2006ko gazte olinpiaden bideoa jarriko dute.
Erronkaren probetan eta bazkarian izena emateko aukera, ostiralean bertan
Ostiralean bertan izango da aukera, era berean, erronkaren probetan parte hartzeko zein bazkarirako izena emateko. Bazkari txartelak 20 euroan izango dira helduentzat, eta 10 euroan haurrentzat. Kamixetaren talla ere esan beharko da, erronkaren egunean denak kamixeta berarekin ibiliko direlako.