Ez du Euskaltel-Euskadi taldean segiko Xabier Mikel Azparren txirrindulari astigartarrak, eta abentura berri bati ekingo dio, iragarri duenez: Q36.5 talde suitzarrean ariko da datorren denboraldian. Urtebeterako kontratua sinatu du Azparrenek. Talde berria da Q36.5, 2023an sortutakoa. Euskaltelen maila berean ari da, Pro-Conti kategorian; baina 2026rako kategoria gorenera (World Tourrera) saltoa ematea du helburu.
«Hasieratik erakarri zuen nire arreta Q36.5 taldeak, eta Doug Ryderrek eta Alex Sansek deitu zidatenean taldean aritzeko aukeraz hitz egiteko, berehala sentitu nuen sinergia ona. Zoragarria da anbizio haundiko talde batekin bat egitea, World Tourrera igotzeko asmoarekin. Txirrindulari gaztea naiz, baina hazten jarraitu nahi dut, eta taldeak niretzat dauzkan helburuak bete», adierazi du astigartarrak.
Bereziki bakarkako lehian eman nahi ditu aurrerapausoak: «Niretzat garrantzitsua da erlojupekoak lantzen jarraitzea. Diziplina horretan garaipenak lehiatu nahi ditut. Badakit Q36.5ek talde eta material onena daukala, eta oso zoriontsu nago, talde berezi honekin bat egiteko aukera izateagatik. Espero dut taldeari lagundu ahal izatea emaitza onak lortzen, erlojupekoren bat duten astebeteko itzulietan, klasikoetan edota sprint bideratzaile lanetan. Nire taldekideei lagundu nahi diet, eta aldi berean, nik garaipenak lehiatzeko aukerak izan», adierazi du.
Euskaltel-Euskadi taldearekin ere agurtu da astigartarra, eskertuta: «Talde hau osatzen duten guztiei eskertu nahi diet, niregatik hiru urte hauetan egindako guztia, eskutik helduta eraman nauzue. Baina uste dut bideak banandu eta gero arte esateko unea iritsi dela. Bukatu dezagun denboraldia modurik onenean!».