Datorren ostiralean, Martinis con sabor a pólvora lana oholtzaratuko du Pixkola@(bis) Donostiako antzerki talde amateurrak, Astigarragako Erribera kulturgunean. Iluntzeko 20:00etan izango da hori, eta gaztelaniaz eskainiko dute antzezlana. Doakoa da emanaldirako sarrera.
Elkarren artean oso ezberdinak diren lau lagun dira antzezlaneko protagonistak. Gau batean, Martini batzuen berotasunean elkartuko dira, hitz egiteko eta haien intimitateak argitzeko. Tentsioa areagotu egingo da haietako baten senarra hilda agertzean. Umore beltzeko komedia da, sekretu aitorrezinak eta bolbora zapore bat aireratuko dituena. Humberto Roblesen obra da Martinis con sabor a pólvora, Alazne Etxeberriak zuzendutakoa. Lau emakume izango dira oholtza gainean: Amaia Urrestarazu, Lourdes Mendizabal, Maite Amarica, Maite Etxeberria.