Martxan dago jada 'Emakumeak eta kirola' ekimenaren hirugarren edizioa. Atzo izan zen lehenengo jarduera, hirugarren adinekoei zuzendutako orientazio proba egin zuten, eta irailean zehar ekintza desberdinekin gozatzeko aukera izango dute astigartarrek.
Aurtengo edizioan ere askotariko jarduerak antolatu dituzte Astigarragako Udaletik, herriko zenbait eragilerekin elkarlanean. Emakumeei bideratutako kirol jarduerak, emakumezkoen kirol txapelketak, herri kirolen erakustaldia, solasaldiak... Ekintza guztiak doakoak izango dira.
Antolatzaileek irailaren 28an egingo den solasaldia nabarmendu dute ekitaldi guztien artean. Nerabezaroa eta kirolari buruzko solasaldia egingo dute Erriberan, herriko hainbat kirolariren parte hartzearekin. Bertan izango dira Eneritz Gartzia Emarri taldeko kidea, Lierni Roteta errugbi jokalaria, June Balda arraunlaria, eta Malena Leary eta Nahiane Odriozola eskubaloi taldeko ordezkariak.
Aurtengo edizioa urriaren 28an amaituko da, Patri Espinarrek gidatutako 'Emakumeon ahalduntzerako mendi orientazioa' ikastaroaren azken saioarekin.
Eragileak eta Udala helburu beraren bila
Guztira bost eragilek egin dute bat Astigarragako Udalarekin. Mundarro elkartea, Galtzaur jubilatuen elkartea, Gaztelekua, Astigarragako kiroldegia eta Emakumeon Etxea elkartu dira jarduera guztiak prestatzeko.
Ekimenaren helburu nagusia emakumeen kirola sustatzea da, horretarako espazio egokiak sortuz eta «genero honen kirolari eta kirolariei ikusgarritasuna emanez».