Izena emateko aukera zabalik, Emakumeon Etxeko ikastaroetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 7a, 00:00

Udazkeneko ikastaro guztiak doako dira, baina konpromezua beharrezkoa dela jakinarazi du Emakumeon Etxeak: «justifikatu gabeko 2 hutsegitetik aurrera, itxaron zerrendako norbaitek hartuko du lekua».

Emakumeon Etxeak dagoeneko prest du udazkeneko ikastaroen programazioa, eta horrekin batera, izena emateko epea ere zabalik dagoela ohartarazi die astigartarrei. Irailaren 14ra arte dago izena emateko aukera eta bi modutara eman daiteke; alde batetik, ondorengo estekan sartuta (https://forms.gle/u7ZrNCk8mgj3C7d59); eta bestetik, Emakumeon Etxearekin harremanetan jarrita, emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbidera idatziz edo 648 417 157 zenbakira deituta. 

Udazkenerako tailer eta ikastaro mordoa antolatu dituzte, eta urriaren 2an eskainiko da aurrenekoa: Amatasun topalekua. Arratsaldeko 17:15etan hasiko da saioa, eta talde honetan, batetik garapen pertsonalari emango diote garrantzia eta bestetik, haurren mundua gehiago ulertzen saiatuko dira: «Emozioei lekua egingo diegu eta taldearen babesa indartuko dugu». Ondorengo egunetan ere egingo dituzte Amatasun topalekuak: azaroaren 6an, abenduaren 4an, urtarrilaren 15ean, otsailaren 5ean, martxoaren 4an, apirilaren 8an, maiatzaren 13an eta ekainaren 3an. Topalekura haurrarekin joateko aukera dagoela ere jakinarazi du Emakumeon Etxeak.

Topaketez gain, mendi-orientazio ikastaroa ere eskainiko du Emakumeon Etxeak, mendiaz gozatu eta bertan seguru ibiltzeko, orientazioaren oinarrizko ezagutza teoriko-praktikoak jasota. Ondorengo egunetan eskainiko dute ikastaroa: urriaren 6an (17:00etatik 23:00etara); eta urriaren 7an, 21ean eta 28an (09:00etatik 13:00etara). Ikastaro honetan parte hartu nahi izanez gero, kontutan izan behar da parte hartzaileek 3 orduko mendi-ibilbideak egiteko gai izan behar dutela; eta, horrez gain, 4 saiotan parte hartzea derrigorrezkoa dela.

Arropa 'tuneatzeko' tartea ere eskainiko du Emakumeon Etxeak, urriaren 4tik aurrera. Asteazken goizetan izango da tailerra, goizeko 11:30etatik eguerdiko 13:00ak arte. Tailer honetan, kontsumo ereduaz hausnartu eta armairuko arropa birziklatu, josi eta berrerabiltzeko talde irekia osatuko dute: «Elkarren artean josten ikasi eta arropari nahi ditugun aldaketak edo konponketak gure kabuz egin ahal izateko egingo dugu lan».

Kafe tertuliak, aisialdirako gune

Ikastaroez eta tailerrez gain, kafe tertuliak ere egingo dituzte Emakumeon Etxean harreman sareak erdigunean jarriz: «Harreman sareek gure bizitzetan duten garrantziaz jabetuta, horiek eraikitzeko eta sustatzeko espazioa bat sortu nahi dugu. Aisialdirako gune irekia izango da eta kafe, te edota infusio baten inguruan elkartuz, denbora eskainiko diogu geure buruari. Kideekin nahi duguna elkarbanatuz. Gure artean ezagutzeko eta gozatzeko gunea izango da hau. Zaintza, konfiantza eta errespetua erdigunean jarriz».

Ikastaroei buruzko xehetasun gehiago 

Ikastaro guztiak doakoak direla ziurtatu du Emakumeon Etxeak, eta nahi den ikastaro guztietan har daiteke parte. Haur zaintzari dagokionez, aurrez abisatu behar da. Era berean, bazkideek lehentasuna izango dute izena ematerako orduan, eta plazak amaitzen badira, hautaketa zozketa bidez egingo dute. Ikastaroak doakoak izan arren, konpromezua beharrezkoa dela zehaztu du Emakumeon Etxeak: «Justifikatu gabeko 2 hutsegitetik aurrera itxaron zerrendako norbaitek hartuko du lekua».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!