Ergobiko festak atzo amaitu ziren, lau egunez ospatu eta gero. Urtero bezala jende asko izan da egunero-egunero eta aurtengoak ere oso arrakastatsuak izan dira. Baserritarren eguna ospatu zuten atzo eta auzora jende ugari hurbildu zen goizean, arratsaldean eta gau partean.
Idi-demak erakarri zuten jendea goizean, Ergobiko Sariaren 57garren edizioarekin, Enrique Artolaren Aitor Matxainen eta Misiyuaren idi-pareak lehiatu ziren. Jaietako bazkari ofiziala egin zuten ondoren, eta makina bat haur eta guraso elkartu ziren plazan arratsaldean, Kantu Kolore emanaldiarekin.
Modurik onenean agurtu zituzten aurtengo jaiak, beste behin, su artifizialekin eta ekitaldi sorpresarekin.
Mikel Lopetegi 'Urra'-k garaipena eta errekorra
Igande arratsaldean Ergobiko Harri Beltza txapelketa jokatu zen eta bertan Mikel Lopetegi 'Urra' txapeldun haundia, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Xabat Olaizola aritu ziren.
Garaipena, beste behin, Urrak eskuratu zuen eta hamar minutuko saioan 54 altxaldi eman zizkion Urumea ibaitik ateratako harri baldarrari. Zarauzko harrijasotzailearen markarik onena, atzora arte, 53koa zen eta altxaldi bat igo zuen langa. Orain errekor berria 54an dago. Lehenengo izan zen plazan eta marka itzela jarri zuen.
Hala ere, Xabat Olaizola ez zen kikildu eta lan ikusgarria egin zuen bigarren harrijasotzaile zarauztarrak. 49 altxaldi eman zizkion Harri Beltzari. 50eko markatik bakarrera geratu zen. 20 segunduren faltan lortuak zituen 49, baina azken altxaldi hori okertu egin zitzaion. Gertu izan zuen, baina ezin izan zuen bizkar gainean berdindu. Lurrean eserita irribarrarekin amaitu zuen eta gustora egindako lanarekin, nahiz eta azken altxaldi hori ezin lortu.
Hirugarren Izeta IV.a sailkatu zen. Saioko hirugarren zarauztarrak 35 altxaldi eman zizkion harriari. Esfortzu haundia egin zuen eta txapelketaren maila altua argi geratu zen, Izeta IV.a bezalako harrijasotzailea hirugarrena izan eta gero lehendabiziko postutik 19 altxaldira eta bigarren postutik 14 altxaldira. Hamar minutuko saioa exijentzi haundikoa da eta ikusleek eskertu zuten beraien lana txalo zaparradarekin